Ahuku

Hileta-segizio baten irudikapena Alaitzako elizako margo erromanikoetan (Iruraitz-Gauna, Araba)

Ahuku edo hileta-segizioa hildako pertsona baten gorpua bide edo kaleetan zehar hileta-erritua egingo den beste toki batera (kanposantura edo elizara gehienetan) garraiatzea da, senide eta lagunek atzetik doazela. Hilkutxa hilketariek, andariek edo hil-ohezaleek eramaten dute, eta etxetik elizarako bidea "hilbidea" deitzen zen, hain zuzen ere.

Ilararen orden tradizionala hauxe zen: Parrokiako gurutzea, koroak, apaiza, xantre edo kantaria, hilkutxa (zenduaren oinak aurrealderantz), gizonezko senide gertuenak, gainontzeko senideak, "mezakoak", bizilagun eta adiskideak eta emakumeak (senidetasunaren arabera ordenatuta, gizonen moduan). Aldaerak zeuden herrien arabera, dena den. Lutoko senideak "mindunak" deitzen ziren, minduriak, ahokinak, doludunak edo doluan daudenak, alegia. Bizilagunen artean, "auzo hurrenek" edo "hurrengo atekoek" lehentasuna zeukaten.

Tradizionalki, emakumeek batzuetan ez zuten parte hartzen segizioan, baina baldin bazeuden beste izen bat zeukan leku batzuetan (Beran, "xirioa"). Umeak eta nerabeak bakarrik egoten ziren hildakoa euren adinekoa izanez gero.

Beti ere, baldintzak eta ezaugarriak aldatzen ziren hiletak lehenengo, bigarren edo hirugarren motakoak izanez gero.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy