Banukasitarrak

Banukasitarren lurraldeak, laranjaz, 925. urtearen inguruan

Banukasitarrak[1] (arabieraz: بنو قسي‎, Banu Qasi, «Cassiusen seme-alabak») IX. eta X. mendeetan Ebroko harana —zenbait unetan, Mediterraneoraino— gobernatu zuen euskal muladien (islamera bilakatutako kristauak) leinua izan zen. XI. mendearen hasieran Zaragozako taifak konkistatu zuen Banukasitarren lurraldea eta azken kideak Valentziako Alpuente herrian jaurerri txiki batean amaitu ziren. Ibn Hazm-ek idazle musulmanak "godoen garaiko kondea" zela adierazi zuen.

Oso gutxi dakigu leinuaren sortzailea izan zen Cassius kondeaz. Banukasitar familiaren eponimoa da. Iturri historikoak murritzak direnez, ezer gutxi dakigu konde horri buruz, eta dakigun gutxia ez da Casiori buruzkoa, haren oinordekoekin lotutako berriak baizik[2].

Banukasitar familia muladiak paper politiko handia izan zuen bi mendez, Kordobako Kalifa-herriaren zerbitzura, Ebroko haranaren erdigunean eta mendebaldean. Bereziki indartsua izan zen IX. mendearen erdialdean.

Zortzi-hamar belaunaldietan zehar, leinuan Muza izena sarritan errepikatzen da, antza, Casio kondea babestu zuen arabiar buruzagiaren omenez. Hala ere, familiako beste kide batzuen izenak -Fortun eta Lope, esate baterako- hauxe adierazten dute, alegia, leinua aldi berean Iruñeko Erresuman nagusi zen Aritza leinuarekin ere senidetuta zegoela.

  1. Euskaltzaindia. (PDF) 182. arauaː Dinastien izenak. .
  2. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/artikuluak/artikulua.php?id=eu&ar=10935

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy