Haur-jolas

Haur bat kulunka batean jolasean.

Haur-jolasa haurren jolas izateaz gainera, haurrak ingurunea ezagutu eta berarekin harremanetan jartzeko modu bat da eta honenbestez adimena garatzeko ezinbesteko tresna ere bai. Haurraren adina eta garapena zein den, jolas ezberdinetan arituko da, mundua ezagutu eta bertan bere burua txertatzeko dituen beharrak kontuan harturik. Horrela, jolasa jolasten ari den haurraren nortasunaren adierazgarria da, jolasak azalerazten dituen bizipen eta sentimenduen bitartez eta jolasaren beraren sinbologiaz. Gainera, haurrak errealitatea eraldatu egiten du jolas sinbolikoen bitartez, bailitzan jolastuz (panpinekin, esaterako), baina aldi berean eta horregatik ere, haurraren inguruko kulturaren adierazgarri nabarmenak ere badira. Adibidez, gizarte zenbaitetan jolas kooperatiboak bultzatzen dira, taldea lehenetsiz; beste zenbaitetan haurrak jokoan irabaztearen garrantzia nabarmentzen da, ikuspuntu indibidualista batetik[1]. Jolastean, neska eta mutilen arteko ezberdintasunak ere nabariak izaten dira: mutilen jolasak fisikoagoak diren bitartean, neskak jolasten dituztenak sinbolikoagoak izaten dira [2]. Haur-jolasetan jostailua agertu ohi da, gainera: bere garrantzia eta erabilgarritasuna jostailuarekin aritu behar den jolasak ezarriko du. Jostailua trantsizio-objektu moduan ere da garrantzitsua. Jean Piaget izan da haur-jolasen arloa aztertu duen pertsonaia nabarmenetako bat, haur-jolasetan aro ezberdinak bereiziz. Maria Montessorik eta beste hezitzaile zenbaitek ere jolasak haurraren garapenean duen garrantzia azpimarratu dute.

Haur-jolasa jarduera unibertsala da mundu osoan eta historian zehar. Mundu zabaleko haur-jolasak berdintsuak dira kasu askotan, herri bakoitzeko berezitasunak bereganatzen baditu ere. Mendeetan zehar izandako haur-jolasak egun ere badaude, ezkutaketa, puxtarriak eta panpinak esaterako. Haur-jolasen garrantziaz eta unibertsaltasunaz jabeturik, Nazio Batuek 1989 urtean plazaratutako Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean haurrek jolasteko duten eskubidea bermatzen da: Partaide diren estatuek haurrak atseden, aisia, jolas eta bestelako jarduera jostagarrietarako eskubidea onartzen dute, bere adinarekin ados eta kultura- eta arte-bizitzan aske parte hartzeko eskubidearekin batera[3]. Egungo gizarte teknikoaren konplexutasunak arriskuan jartzen du, ordea, haurraren jolasa: jolas tradizionalak baztertu eta telebista eta joko elektronikoak bultzatzearekin batera, haurra produktibismoaren gurpilak harrapatu eta lehiazko hezkuntza-sistema batean sarturik, pertsona moduan benetan garatuko dute jolasetarako gero eta denbora eskasagoa izaten du[4][5].

  1. (Ingelesez) Scarlett, W. George. Children's play. , 11 or..
  2. (Gaztelaniaz) Garvey, Catherine. (1985). El juego infantil. Morata, 64-65 or..
  3. (Gaztelaniaz) Asamblea General de Naciones Unidas. (1989-11-20). Convención sobre los Derechos del Niño (Artículo 31.1.). (Noiz kontsultatua: 2010-05-03)..
  4. (Gaztelaniaz) Etniker Euskalerria. (1993). Juegos infantiles en Vasconia. , 60 or..
  5. (Gaztelaniaz) Elschenbroich, D.. (1979). El juego de los niños. Capítulo X: Pedagogía del juego e industriosidad. Impedimento del juego infantil en las escuelas industriales.. Zero, 248-265 or..

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy