Psikoneuroimmunologia

Psikoneuroimmunologia immunitate-sistema eta nerbio-sistemaren arteko lotura aztertzen duen zientzia gaztea da, hitza 1975. urtean estreinakoz agertu baitzen. Prozesu psikologikoen eragina immunitate-sistemaren gain ikertzen du, agerian utziz burmuinak betetzen duen funtsezko zeregina, onerako zein txarrerako, hainbat gaixotasunen bilakaeran. Azken 40 urteetan egindako hamaika saiok frogatu dute burua, nerbio-sistema eta immunitate-sistemaren arteko lotura estua, neurologiaren lan-eremua psikologiarekin, immunologiarekin, endokrinologiarekin, psikiatriarekin eta erreumatologiarekin ere lotuz.

George F. Solomon aitzindariak horrela definitu zuen psikoneuroimmunologia:

"Psikoneuroimmunologia burmuina (burua/jokaera) eta homeostasia mantentzen duten sistemen (nerbio-sistema, immunitate-sistema eta sistema endokrinoaren) arteko lotura eta elkarrekintza ikertzen duen arlo zientifikoa da, elkarrekintza horrek sortzen dituen ondorio klinikoak ere aztertzen dituena".

Bi dira burmuina eta immunitate-sistemaren arteko lotura-motak:

  • lotura kimikoak: nerbio-sistemak zenbait hormonen jariaketa eragiten du (kortisola eta adrenalina, besteak beste), immunitate-sistemaren gain jarduten dutenak. Horrek agerian uzten du nerbio-sistema, sistema endokrinoa eta immunitate-sistemaren arteko harreman estua.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy