1871ko Alemaniaren bateratzea

Political map of central Europe showing dozens of states that were unified into Germany. Prussia in the northeast is by far the largest, occupying about 40% of the unified area.
Alemaniar Inperioa (1871–1918). Hizkuntza anitzeko Austriar Inperioko zati alemanduna baztertua, Alemania Txikiko konponbidearen alde egin zen.

1871ko Alemaniaren bateratzea prozesu politiko bat izan zen, herrialde alemandunak egitura politiko eta administratibo bakarreko nazio-estatu batean batzea ekarri zuena. Prozesua XIX. mendean zehar garatu zen, eta 1871ko urtarrilaren 18an amaitu, Frantzia-Prusia Gerraren ondoren, alemaniar estatuetako agintariek, Versaillesko jauregian bildurik, Gilen Prusiakoa Alemaniako enperadore izendatu zutenean.

Germaniako Erromatar Inperio Santua 1806an desegin zen Franz II.ak tronua utzi zuenean Napoleondar Gerretan. Lege, administrazio eta politika arloetan Inperioa desegiteak sortu zituen gorabeherak albo batean utzita, aurreko Inperioko eskualde alemanieradunek amankomunean zeukaten hizkuntza, kultura eta lege tradizio luzea, Frantziaren kontrako gerretan areagotua. Liberalismoak oinarri intelektualak eman zituen, antolamendu politiko eta sozial zaharrak zalantzan jarri baitzituen. Ekonomiari dagokionez, 1818an Zollverein izeneko salerosteko batasunari esker, estatuen arteko lehia apaldu zen, eta garraiatzeko sistema berriekin batera, negozioak eta bidaiak ugaldu ziren.

Vienako Batzarrean (1814-1815) sortutako eredu politikoak Austriaren nagusitasuna Erdialdeko Europan azpimarratu zuen, baina alemaniar estatuen artean Prusiak gero eta botere handiagoa zeukala ez zen kontuan hartu, eta ezin zen aurreikusi Prusiaren eta Austriaren arteko lehia nagusitasunarengatik. Gatazka horrek Alemaniako dualismoa, bi konponbide alegia, ekarri zituen batasunaren auzian: Alemania Txikiarena (Kleindeutsche Lösung), hau da Alemania Austriarik gabe, eta Alemania Handiarena (Großdeutsche Lösung), Alemania Austria hartuta.

Bateratze prozesua Prusiak, eta zehatzago esanda Prusiako ministroburua zen Otto von Bismarckek, gidatu zuen. Hala ere, historialariak ez datoz bat esaterakoan zein zen Bismarcken asmoa: 1867ko Iparraldeko Alemaniako Konfederazioa zabaltzea eta gainerako alemaniar estatu independienteak bilduta inperio bat sortzea, edo, besterik gabe, Prusiako boterea handitzea. Azkenean, Austriarik gabeko Alemania sortzean, 1871ko bateratzeak dualismoaren auzia konpondu zuen, behin-behinekoz behintzat.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy