| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hautes-barrutien emaitzen mapa. | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Komunen Ganberaren osaera hauteskundeen ondoren. | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
|
2019ko Erresuma Batuko hauteskundeak 2019ko abenduaren 12an izan ziren, ostegunean. Hauteskunde horietan Erresuma Batuko Komunen Ganberaren 58. legealdiko 650 parlamentariak (MP deituak) hautatu ziren, "first-past-the-post" bozkatze-sistema erabiliz, Erresuma Batua osatzen duten lau herrialdeetan.
2017ko hauteskundeetan, Alderdi Kontserbadoreak ez zuen gehiengorik lortu, eta ondorioz gutxiengoan gobernatu zuen bi urtez Alderdi Demokratiko Unionistaren sostenguarekin; eta arazoak izan zituen Brexita gauzatzeko proposamenak eta legeak parlamentutik igarotzeko. Egoera estu horrek Theresa May aurreko Lehen Ministroaren dimisioa eragin zuen.
2019ko uztailean, Mayren dimisioaren ondoren, Boris Johnson hautatu zuten Alderdi Kontserbadorearen buruzagi, eta Lehen Ministro bihurtu zen jarraian. Johnsonek ez zuen lortu parlamentuak haren Brexit akordio berria onartzea urri amaieran, eta hauteskunde orokorretara deitu zuen blokeoa gainditzeko asmoarekin. Komunen Ganberak hauteskunde deiaren alde 480-20 bozkatu zuen, eta hauteskundeen data abenduaren 12an ezarri zen.[2] Inkestek laboristekiko alde handia eman zieten kontserbadoreei hauteskunde kanpaina osoan zehar.[3]
Hauteskunde egunean, Alderdi Kontserbadoreak 80 eserlekutako gehiengoa eskuratu zuen. Kontserbadoreek 48 ordezkari irabazi zituzten aurreko hauteskundeekiko, eta botoen %43,6 lortu zuten, edozein alderdiren ehunekorik handiena 1979tik.[4] Kontserbadoreen garaipen berrietako asko laboristen "horma gorrian" izan ziren, historikoki Alderdi Laboristaren alde egin zuten Ingalaterra iparraldeko barrutietan. Izan ere, Alderdi Laboristak 202 ordezkari bakarrik lortu zituen, 1935etik lortutako kopururik txikiena.[5] Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) 13 eserleku egin zuen gora, eta Eskoziako botoen %45 bereganatu zuen, Eskoziako 59 eserlekuetatik 48 eskuratuz.[6] Liberal Demokratek aurreko hauteskundeetako sostengua hobetzea lortu zuten arren (%11,6), ordezkari bat gutxiago lortu zuten (11 eserleku), eta alderdiaren buruzagia (Jo Swinson) parlamentutik kanpo geratu zen.[7] Ipar Irlandan, Alderdi Demokratiko Unionista (DUP) alderdi handiena izaten jarraitu zuen, baina 2 eserleku galdu zituen, eta SDLP eta Aliantza Alderdia Ganberara itzultzea lortu zuten, 2017an parlamentutik kanpo geratu ondoren.
Hauteskunde emaitzek Erresuma Batua 2020ko urtarrilaren 31n Europar Batasunetik ateratzea ahalbidetu zioten Johnsoni. Alderdi Laboristaren porrotak Jeremy Corbynen dimisioa eragin zuen;[5] eta Jo Swinson Liberal Demokraten buruzagia Komunen Ganberatik kanpo geratu zenez dimisioa aurkeztu zuen ere.[7] Eskozian, bestalde, SNPren garaipenak bigarren independentzia erreferendum baterako aldarrikapena indartu zuen.[6] Hauteskunde hauetan, lehenengoz Irlandako zatitzetik, errepublikanoek unionistek baino ordezkari gehiago lortu zituzten Ipar Irlandan (8 errepublikano eta 7 unionista).