2019ko Europako Parlamenturako hauteskundeak urte hartako maiatzaren 23tik 26ra bitartean izan ziren, eta parlamentuko bederatzigarren hauteskundeak izan ziren. Guztira, Europako Parlamentuko 751 kideek (MEP) 28 estatu kidetako 512 milioi pertsona baino gehiago ordezkatzen zituzten. 2018ko otsailean, Europako Parlamentuak parlamentari kopurua 751tik 705era gutxitzea adostu zuen, baldin eta Erresuma Batua 2019ko martxoaren 29an Europar Batasunetik aterako balitz.[1] Hala ere, Erresuma Batuak brexita 2019ko urriaren 31ra atzeratu egin zuen, eta beraz EBko beste estatu kideek bezala hartu zuen parte hauteskundeetan. Ondorioz, estatu kideen eserleku-kopurua eta eserleku kopuru osoa 2014ko hauteskundeen berdina izan zen.[2]
2019ko maiatzaren 26an, Manfred Weberrek gidatutako Europako Alderdi Popularra Europako Parlamentuko eserleku gehien irabazi zituen alderdia izan zen, Weber Europako Batzordeko hurrengo presidentea izateko hautagai nagusia bihurtuz.[3] Hala ere, Europar Kontseiluak hauteskundeen ondoren erabaki zuen Ursula von der Leyen izendatzea Batzordearen lehendakari berria. Zentro-ezkerreko eta zentro-eskuineko alderdiek galera nabarmenak izan zituzten, eta alderdi zentrista, liberal eta ekologistek eta alderdi eskuindar populistek irabazi nabarmenak izan zituzten.[4]