Adierazpen-askatasun

Adierazpen askatasuna pentsamendu, ideia eta iritziak, ahoz, idatziz edo beste era batera adierazi eta hedatzeko askatasunari deritzo eta honako hau da babesten duena:

  • Iritzi politiko, zientifiko, historiko, moral edo erlijioso oro.
  • Ahozko eta idatzizko hitzen bidez adierazteko modu oro, zeinu-mintzaira, irudiak eta objektu artistikoak.
  • Hedabideak (liburuak, egunkariak, liburuxkak, kartelak, pankartak, jantziak, alegatu judizialak, ikus-entzunezkoak, elektronikoak edo Internet, modu guztietan).
  • Pertsonen intereseko ideia edo iritzi oro, honako hauei dagokienez: pentsamendu politikoa, gai propioak eta publikoak, giza eskubideak, kazetaritza, adierazpen kultural eta artistikoa, irakaskuntza eta pentsamendu erlijiosoa, publizitate komertziala eta oso iraingarriak izan daitezkeen adierazpenak barne.

Eskubide hori Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaz[1] (GEAU) gain, herrialde gehienetako konstituzioek ere jaso dute. GEAUko 19. artikuluak dioenez,  “Gizabanako guztiek dute iritzi -eta adierazpen askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen du erlijioa eta sinismena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa.” Gainera, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 19.3 artikuluan jasotzen da “eskubide horren egikaritzak eginbehar eta ardura bereziak” eskatzen dituela eta “Ondorenez, eskubide horren egikaritzak murrizketa batzuk izan ditzake; aitzitik, legeak esanbidez finkatu beharko ditu horiek eta halakoak beharrezkoak izan beharko dira: a) Enparauen eskubideak nahiz izen ona errespetatzea ziurtatzeko; b) Segurtasun nazionala edo ordena publikoa babesteko edo osasun nahiz moral publikoak babesteko.”

Beraz, adierazpen askatasuna ez da guztiz absolutua eta ezarri ohi zaizkion muga arruntenak difamazio, kalumnia, lizunkeria, pornografia, sedizio, informazio sailkatu, egile eskubideen urraketa, sekretu komertzial, elikagaien etiketa, konfidentzialtasun-akordio, pribatutasunerako eskubide, segurtasun publiko eta zinaustearekin daude lotuta.

  1. .

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy