Alfontso XII.a[1] (izen osoa gaztelaniaz: Alfonso Francisco Fernando Pío Juan de Maria de la Concepcion Gregorio Pelayo de Borbon y Borbon; Madrilgo Errege Jauregia, Madril, 1857ko azaroaren 28a - El Pardo, 1885eko azaroaren 25a), Baketzailea ezizenaz, Espainiako errege izan zen 1875etik 1885era bitartean. Elisabet II.a Espainiakoaren eta haren senar Frantzisko Asiskoa Borboikoaren semea zen. Borboien berrezarkuntzaren lehen erregea izan zen, 27 urterekin tuberkulosiak hil zuen arte. Hil ondoko haren seme Alfontso izan zen ondorengo erregea, adin txikikoa zen bitartean Alfontso XII.aren alarguna Maria Kristina erreginordea izan bazen ere.