Anatomia

Giza gorputzaren anatomia. Juan Valverde de Amuscorena, Erroma 1559.

Anatomia (antzinako grezieraz: ἀνατέμνειν, anatemnein, "ebaki"), izaki bizidunen egituraz eta antolaketaz arduratzen den biologiaren adarra da. Izaki bizidun hauek osatzen dituzten organoen forma, topografia, kokapena, antolaketa eta harremana aztertzen du diziplina honek. Giza anatomia, animalia anatomia eta landare anatomia kontutan hartzen dituen termino orokorra da.

Anatomia bi atal nagusitan banatzen da: anatomia makroskopikoa eta anatomia mikroskopikoa. Lehen kasuan, egitura anatomikoak begi hutsez azter daitezke, ezeren laguntzarik gabe eta bigarrenean, mikroskopioaren laguntza beharrezkoa da. Azken kasu honen barne hartzen dira histologia (ehunen antolaketaren azterketa) eta zitologia (zelulen azterketa).

Anatomiak historian zehar etengabeko garapena jasan du, Galenoren lehenengo ekarpenen ondoren, II. mendean. Bere azterketarako erabilitako metodoak ere nabarmen hobetu dira. Garai batean hildako animaliak disekzionatzen baziren beren organoak ezagutu eta jakintza hauek gizakiari aplikatzeko, gaur egun X izpiak eta erresonantzia magnetikoa erabiltzen dira besteak beste.

Aitzitik, anatomia ez da anatomia patologikoarekin nahastu behar. Azken honek kaltetutako organoak aztertzen baititu azterketa makroskopiko eta mikroskopikoen bidez.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy