Anomia gizarte batean pertsonek behar dituzten balioak eta arau moralak zabaldu eta transmititzen ez direnean gertatzen den egoera da. Kontzeptua Émile Durkheim frantses soziologoak sortu zuen 1897 urtean, Suicide lanean.
Adiera zabalean, gizakien jardunbidea arautzen eta gizarte-ordena bermatzen duten arau sozialen haustura edo desintegrazioa da. Elikaduraren antropologiara eta soziologiara ekarrita, atal hauetan gertatu dira arau-galtzeak, gizabanakoari zein gizataldeari dagokienez:[1]
Jatea egintza fisiologiko hutsetik haratago doan fenomeno sozial eta antropologikoa da. Elikatzean ere, gizakiak bizitza sozialean nolabaiteko rolak interpretatzen ditu: berez dagozkionak (konformista, adineko), interesatzen zaizkionak (atsegin patroiarekin, kritiko agintariekin) edo ezinbestekoak dituenak (kartzelan isolaturik afaltzea). Gizakiak, maiz, janaria bakardadean egiten badu ere, liturgia bateko parte batzuk errespetatzen ditu: ordutegia bete, baxera antolatu, eseri, eskuak garbitu, etab.
Elkarrekin jatea (convivium) eta edatea (symposium) harreman sozialetako egintzak dira, osasunean funtsezkoak, eta, halakotzat, sinesmen, iritzi, aurreiritzi, aztura, tradizio, erlijio-arau, printzipio ideologiko eta beste baldintza batzuk bete behar ditu gizakiak ospakizun horietan, jan-edana edukitzeaz gainera