Antioxidatzaile

Barazki eta frutak antioxidatzaile onak dira.

Antioxidatzailea beste molekula batzuen oxidazioa atzeratu edo ekiditeko gai den molekula da. Oxidazioa substantzia batetik agente oxidatzaile batetara elektroien transferentzian oinarritzen den erreakzio kimikoak da. Erreakzio honek erradikal askeak sor ditzake, eta hauek zelulak kaltetzen dituzten erreakzio kateei hasiera ematen diete. Antioxidatzaileek erreakzio hauei bukaera ematen diete erradikal askeen bitartekariak kenduz eta beste oxidazio erreakzio batzuk inhibituz, euren buruak oxidatuz. Hori dela eta, antioxidatzaileak agente erreduzitzaileak dira.

Antioxidatzaileak hainbat elikagaietan daude: baratxuri, arroz integral, kafe, azalore, brokoli, jengibre, perrexil, tipula, zitriko, tomate, mahatsondoen hazien olio, te, erromero… Amaren esnearen osagai garrantzitsua ere badira.

Oxidazio erreakzioak bizitzarako ezinbestekoak diren arren, kaltegarriak ere izan daitezke; horregatik landare eta animaliek antioxidatzaile mota anitzen sistema konplexuak mantentzen dituzte. Horien artean daude: glutationa, C bitamina eta E bitamina, baita katalasa, superoxido dismutasa eta zenbait peroxidasa entzimak ere. Antioxidatzaileen maila baxuek edo entzima antioxidatzaileen inhibizioak, estres oxidatiboa sortzen du eta honek zelulak kaltetu edo hil ditzake.

Estres oxidatiboa giza gaixotasun askoren patogenesiarekin erlazionatu da. Hori dela eta, farmakologia mailan modu intentsiboan ari dira ikertzen antioxidatzaileen erabilera, batez ere istripu zerebrobaskular eta gaixotasun neurodegeneratiboen tratamendurako. Aitzitik, ez dakigu estres oxidatiboa gaixotasun hauen zergatia edo ondorioa den.

Antioxidatzaileak gehigarri dietetikoen osagai gisa ere oso erabiliak dira, minbizia eta kardiopatia iskemikoa bezalako gaixotasunak aurrezaindu eta osasuna mantentzeko itxaropenarekin. Ikerketa batzuk antioxidatzaile gehigarriak osasunarentzat onuragarriak direla dioten arren, beste entsegu kliniko handi batzuk ez dute desberdintasunik nabaritu probatutako formulazioentzat eta gehigarrien gehiegizko erabilera kaltegarria da batzuetan.

Medikuntzan dituzten aplikazioez gain, aplikazio industrial asko ere badituzte, esaterako elikagai eta kosmetikoen kontserbatzaile gisa edo gasolina eta kautxuaren degradazioaren prebentzioan.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy