Antzinako Egipto

Antzinako Egipto
Dinastiak eta faraoiak
Aro aurredinastikoa
Aro protodinastikoa
Aro Goiztiarra

I.a - II.a

Inperio Zaharra

III.a IV.a V.a VI.a

Tarteko Lehen Aroa

VII.a VIII.a IX.a X.a XI.a

Inperio Ertaina

XI.a XII.a

Tarteko Bigarren Aroa

XIII.a XIV.a XV.a XVI.a XVII.a

Inperio Berria

XVIII.a XIX.a XX.a

Tarteko Hirugarren Aroa

XXI.a XXII.a XXIII.a XXIV.a XXV.a

Aro Berantiarra

XXVI.a XXVII.a XXVIII.a XXIX.a XXX.a XXXI.a

Aro Helenistikoa

Mazedoniarra . Ptolomeotarra

Erromatar Aroa

Antzinako Egipto Nilo ibaiaren ibarrean sortutako antzinateko zibilizazioa da, gaur egun Egiptok hartzen duen eremuan gutxi gorabehera. Zibilizazioa K.a. 3150 inguruan sortu zen, Goi eta Behe Egipto politikoki bateratu eta lehenengo faraoiaren agindupean. 3.000 urtez iraun zuen. Bertako historia bi garai egonkorretan banatzen da, Inperio edo Erresuma izenekoak, garai ezegonkorrek bereiziak, Tarteko Aro izenekoak. Azken inperioaren ostean, zibilizazioa gainbehera lasai baina jarraian sartu zen, atzerritarrek herrialdearen agintea hartu baitzuten. Faraoien agintaldia K.a. 31n amaitu zen ofizialki, Erromatar Inperioak Egipto konkistatu eta probintzia bihurtu zuenean.

Antzinako Egiptoko zibilizazioaren arrakasta Nilo ibaiaren aldaketetara ongi moldatzetik dator. Ibar emankorraren ureztatze kontrolatuak uzta oparoak eragin zituen, gizartearen eta kulturaren garapen handia eragin zutenak. Horrela, administrazioek edo gobernuek meatzaritza sustatu, idazkera sistema sortu eta nekazaritza zein eraikuntza bultzatu zituzten, eta inguruko giza taldeekin merkataritza garatu eta gerra garaipenak lortu zituen, eskualde osoko zibilizazio nagusia bihurtzeraino. Ekintza hauek sustatzen eta antolatzen elite kultural eta militar bat sortu zen (eskribak, apaizak, administratzaileak) egiptoarren batasuna ziurtatzen zutenak, erlijio konplexu baten inguruan.

Antzinako egiptoarren lorpen ugarien artean daude matematika sistema konplexuak, meatzaritza aurreratua, behaketa eta eraikuntzako hainbat eraikin monumental altxarazteko (piramideak, tenpluak eta obeliskoak) teknika garatuak, faiantza eta beiraren teknologia zehatza, medikuntza sistema praktiko eta eraginkorra, literatura forma berriak, ureztatze eta nekazaritza sistema emankorrak, eta munduko lehen bake hitzarmena. Egiptok ondare iraunkorra utzi zuen: artea eta arkitektura geroko hainbat estiloren oinarri izan dira, artelanak mundu osoan daude barreiatuta, euren arrasto monumentalek hainbat bidaiari eta idazle inspiratu dituzte eta erlijioak eragin handia izan du gure munduaren ikuskeran.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in