Antzinako Erregimenaren krisia Hego Euskal Herrian

XVIII. mendearen azken bi hamarraldietan, krisi sakona bizi izan zuten probintzia foruetan gauzatzen ziren Antzinako Erregimeneko politika erakundeek. Frantses Iraultzaren prozesuak eragin handia izan zuen Hego Euskal Herrian, eta krisi politiko larria sorrarazi zuen, zeinean aurrez aurrez jarri baitziren tradizioa, alde batetik, eta konstituzioan oinarritutako sistema liberalaren modernotasuna, bestetik. Lehenagotik ere, Argien Mendeko despotismo garaitik, elkarren kontrako borrokan hasita zeuden, dena den, bi aldeak. Konstituzioa Foruen aurka: Koroa konstituzioaren alde, eta probintziak foruak aldezten. Euskaldunak euskaldunen kontra, interes desberdinen arabera. Iraultza kontinente guztian hedatzen ari zen bitartean, aldaketak egin behar izan zituzten probintzia foruetan, galduko ez baziren.

Antzinako Erregimenaren krisia” esaten zaion kontzeptua historiografiaren asmakizuna da, hau da, XVIII. mende bukaeran eta XIX. mende hasieran Europako politikaren eta erakundeen eraldatzea azaltzeko asmatua. Antzinako Erregimena esapidea Frantziako Iraultzan (1789) erabili zen lehen aldiz, iraultzaileek gainditu nahi zuten korporazio-estamentuen nagusitasunean oinarritutako sistema izendatzeko. Frantzian monarkia tradizionalaren gobernu motak irauli, eta aldi berean, Estatu berria eta haren nortasunaren bereizgarriak diseinatzeko eragiketa iraultzailea oso indartsua eta bizkorra izan zen; horregatik, ez dute arazorik izan historialariek Antzinako Erregimenaren eta iraultzak sortutako erregimen berriaren arteko mugak ezartzeko.

Europako beste herrialdeetan, ordea, ez zen horren garbia izan prozesu hori; hori dela eta, arazoak daude Aro Berriko erakunde sistema politiko tradizionaletik Estatu liberalerako trantsizioa aztertzeko garaian. Hala gertatzen da, esaterako, Espainiako monarkiari dagokionean, eta euskal lurraldeetan eta Nafarroako erreinuari dagokionean ere. Horietan eragin handia izan zuen Frantziako iraultzaren prozesuak (1789an hasia); hala ere, Espainiako erregimena eta gobernu erakundeak ez ziren errotik aldatu 1808 eta 1812 bitarteko burujabetasunaren eta konstituzioaren krisia gertatu zen arte, hau da, Napoleonen gudarosteak Espainian finkatu eta Espainiako Cadizko konstituzio liberala (1812) emaitza izan zuen prozesua hasi zen arte. 1812ko konstituzioari Cádizko Konstituzioa esaten zaio Andaluziako hiri horretako Gorteetan egin zelako. Hala ere, egoera konstituzional horrek ez zuen luze iraun, 1814az gero Fernando VII.ak gobernu erregimen pertsonala ezarri baitzuen. Erregimen horrek erregea hil arte (1833) iraun zuen; 1820-1823 bitarteko Hiru Urteko Konstituzio Aldia izan zen erregimen haren eten bakarra. 1833an egitura politikoen aldaketa prozesua hasi zen berriz ere, eta 1837ko konstituzioa onartu zenean prozesu hori bizkortu egin zen.

Euskal lurraldeetan eta Nafarroako erreinuan, gobernu erregimen batetik besterako trantsizioa 1808-1839 bitartean gertatu zen. Lurralde horien bilakaera tokian tokiko monarkiaren bilakaeraren araberakoa izan zen, eta urte bitarte haietan beren gobernu moduak erabat aldatu ziren, monarkia tradizionalak Estatu liberalari lekua utzi zionean.

Atal honetan trantsizio hori azaltzen da, eta horretarako, XVIII. mende bukaeran euskal lurraldeetako egoera politikoa eta erakundeena zein zen hartuko da kontuan lehenbizi, eta garai hartakoek beren gobernu mota eta Espainiako monarkiarekin zuten harremana nola esplikatzen zuten adieraziko da. Ondoren aztertuko dira 1793-1795 bitartean Espainiako monarkiaren eta Frantzia iraultzailearen arteko gerran (Konbentzioko gerra) iraultzarekin izandako lehen harremanen ondorioak eta harreman horrek euskal probintzien antolamenduaren gainean, foruen gainean hain zuzen, sortu zuen eztabaida. Ondoren monarkiak konstituzioan eragin zituen aldaketen eta foru errejimenaren arteko harremana, eta harreman horrek Fernando VII.aren gobernuan izan zuen bilakaera azalduko dira. Horren guztiaren azterketarekin zenbait ondorio aterako dira trantsizioaz.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in