Armorkora

Almora, Armura edo Armorkora dira tontortxo artifizial batzuen izena Arabako Kuartangon, Urbasan eta Ataunen.. Harri eta lur multzo hauen azpian, trikuharriak topatu dira. Trikuharrien beste izen batzuk murko, morkuero, treguharri, mairuetxe eta jentilarri dira. Murko da baita ere Itzako toponimo bat. Bertan erdi aroan herrixka bat egon zen.

Zenbait kasuetan, hala ere, murko hauek ez dira megalitoak edo haien aztarnak. Izan daitezke, esate baterako, belarrari leku gehiago emateko zelai-larretatik ateratako harrien pilaketak, edo antzinako artzain txabolen hondakinen pilaketak. Lehen, artzainek beraien txabolak oso gai hauskor eta ahulekin eraikitzen zituzten udako larreko mendimultzo handietan. Haren ondorioz, larre garaian neguan hondatutako aterpeak berreraiki behar izaten zituzten urtero...lehenengoaren hondakinen gainean. Haren ondorioz sortu ziren orain hain deigarriak diren, esate baterako, Aralarreko morkuero asko.

Jose Duesok jaso zuen sinesmen bat, Arabako mendebaleko haranetakoa, hau dioena: «Morkuero hauetan, Murko izeneko izaki mitikoen herrikoak daude lurperatuta, eta Morkuero hauen barnean oraindik ere bizi dira». Sinesmen horren oso antzekoa da zelta mitologiako elezahar eta sinesmen multzo handi bat. Adibidez, Irlandako Sidh: zelten beste mundua da, jainko eta heroien eremua, baina era berean hango morkueroak izendatzen ditu. Ingelesaren "Shee" handik dator. Irlandako mitologian, aos sí-ak (aes sídhe-en izen zaharra), naturaz gaindiko ireluen arraza oso boteretsua zen, beste mitologietako maitagarrien eta elfoen parekoak. Lur azpian bizi ziren, maitagarrien munduan, mendebaldeko itsasoaz haratago, edo mundu ikusezin batean, baina gizakien munduarekin batera existitzen dena. Morkueroak ziren bi mundu horien arteko ataria.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in