Arrazismoa[1], arrazakeria[2] edo arraza bereizkeria arraza gizabanakoen ezaugarriak baldintzatu edota determinatzen dituela baieztatzen duen jarrera nahiz pentsamoldea da. Honen arabera, balizko arraza desberdinak hierarkikoki katalogatu daitezke, eta taldeen arteko alde ekonomiko, sozial zein politikoak arrazan dute sorburua.
Arrazakeria hitzak zentzu horretan oinarritutako doktrina antropologikoa edo ideologia politikoa ere izendatzen du. Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1965eko abenduaren 21ean onartutako Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeari buruzko Nazioarteko Konbentzioaren arabera:
« | «arraza-bereizketan oinarritutako nagusitasunaren doktrina zientifikoki faltsua, moralki kondenagarria, sozialki bidegabea eta arriskutsua da, eta [...] teorian edo praktikan ezerk ez du arraza-bereizkeria justifikatzen»[3]. | » |
Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeari buruzko nazioarteko konbentzioaren lehen artikuluak honela definitzen du arrazakeria:
« | «arraza, kolore, leinu edo jatorri nazional edo etnikoko arrazoietan oinarritutako bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehentasun oro, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak politika-, ekonomia-, gizarte-, kultura- edo bizitza publikoko beste edozein esparrutan berdintasun-baldintzetan aitortzea, gozatzea edo egikaritzea baliogabetzea edo kaltetzea helburu edo ondorio duena»[4] | » |
1. artikulua |
Badira arrazakeria zentzu zabalean eta zentzu estuan bereiztea proposatzen duten egileak. Lehenengo kasuan, jarrera etnozentrikoa edo soziozentrikoa izango litzateke, norberaren taldea eta kanpokoa bereizten duena eta besterenak (kanpokoak) izaki onartezin eta mehatxagarri bihurtzen dituztena. Besteenganako kontzepzio horrek haien segregazioa, diskriminazioa, kanporatzea edo desagerrarazpena ekarriko luke, eta ideia zientifiko edo erlijiosoetan edo kondaira edo sentimendu tradizional hutsetan oinarritu daitezke. Arraza batzuek beste batzuenganako duten nagusitasun intelektual eta morala ere baieztatzen du, eta nagusitasun hori arraza-garbitasunarekin mantentzen da, eta, mestizajearekin, hondatu egiten da. Arrazakeria mota horren eredua nazia, eta, oro har, mendebaldeko arrazismoa da, eta goragoko arrazek behekoen gainean nagusitzeko duten eskubide naturala defendatzera garamatza[5]. Arrazakeria, zentzu murriztuan, itxura zientifikoko doktrina bat da, gizabanakoaren gaitasun intelektual eta moralen herentziazko determinazio biologikoa baieztatzen duena eta giza taldeak arrazatan banatzen dituena, ezaugarri fisiko intelektual, moral, hereditario eta aldaezinen arabera bereiziak.
Arrazan oinarrituta eskubideak edo pribilegioak ematea edo atxikitzea edo arrazagatik pertsonekin elkartzeari uko egitea arraza-bereizkeria gisa ezagutzen da.
Jarrera, balio eta sistema arrazistek talde etniko edo arrazakoen arteko ordena hierarkikoa ezartzen dute, argia edo lausoa, talde nagusiak dituen pribilegioak edo abantailak justifikatzeko erabiltzen dena.
Buraschik eta Aguilarrek honela definitzen dute arrazakeria: «talde bat beste baten gainetik menderatzeko eta gutxiagotzeko sistema, desberdintasunen arrazializazioan oinarritua, non pertsonen, erakundeen eta kulturaren dimentsioak artikulatzen diren. Ikusezin bihurtzeko, estigmatizatzeko, diskriminatzeko, baztertzeko, esplotatzeko, erasotzeko eta desagerrarazteko ideia diskurtso eta praktika multzo baten bidez adierazten da»[6].
Arrazakeriari aurre egiteko, Nazio Batuen Erakundeak, 1965ean, Arraza-Diskriminazio Mota Guztiak Ezabatzeko Nazioarteko Konbentzioa onartu zuen, eta Arraza-Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egun gisa martxoaren 21a ezarri zuen.