Arte abstraktua mundu naturaleko gauzakiak irudikatzen ez dituen artea da. Hortaz, kolorea eta itxura ez ditu modu figuratiboan erabiltzen. XX. mende hasieran, abstraktu hitza arte mota zehatza adierazteko erabiltzen zen, batez ere kubismoa eta futurismoa, zeinetan agertzen ziren egiazko irudiak era sinpletuan ala bere jatorrizko formak azaletik irudikatuta.
Arte abstraktuak artelanaren alderdi kromatiko, formal eta estrukturalak nabarmentzen ditu eta beraiek indartuz hauen adierazkortasun-indarra agerian uzten du, betiere, modelo eta forma naturalak imitatu gura izan gabe.
Hortaz, esan daiteke arte abstraktuaren ikuspegitik adierazpide figuratiboaren ordez ikus-lengoaia autonomoa sustatzen dela, berezko adierazpen-esangura duena.
Ikus-lengoaia hau, alde batetik, kolorearen indarra goretsiz abstrakzio lirikorantz abiatzen diren fauvismo eta espresionismoan errotzen da eta, bestetik, estrukturazio kubistan, hainbat abstrakzio geometriko eta eraikitze elementu sortzen dituena.