Artikoa Lurreko iparraldeko muturrean dagoen eskualdea da. Barnean Ozeano Artikoaz gain Kanada, Errusia, Groenlandia, Ameriketako Estatu Batuak, Norvegia, Suedia, Finlandia eta Islandiako zati batzuk ere ditu. Eskualdea izoztutako ozeanoaz eta zuhaitzik gabeko permafrostez osatuta dago. Eskualdearen hegoaldeko muga Zirkulu Polar Artikoa (66° 33'N) da, gutxi gorabehera gauerdiko eguzkiaren eta gau polarraren muga ere badena.
Politikaren aldetik, Artikoak zortzi estaturen iparraldeko eskualdeak ditu bere barnean. Zortzi horiek estatu artikotzat jotzen dira, nahiz eta natura zientziek eskuarki azpiartikotzat jo. Bere ezaugarri klimatikoak direla eta, Artikoko ekosistema berdingabea da Lur osoan. Hala ere, klima aldaketaren eraginez egoera larrian dago (bankisa gero eta txikiagoa da, hango zooplanktona, fitoplanktona, arrainak eta ugaztunak urritzen ari dira, eta abar). Artikoko herri indigenak, hango gainerako izaki bizidun guztiak bezala, hotz handietara egokituta daude.