Asteroide gerrikoa Marte eta Jupiterren orbiten artean Eguzki-sisteman dagoen disko baten izena da. Asteroide eta planeta nano izenak dituzten objektu irregular ugari daude bertan. Batzuetan, asteroide gerrikoari ere asteroide gerriko nagusia edo gerriko nagusia izena ematen zaio, Eguzki-sisteman dauden beste asteroide-populazio batzuetatik bereizteko, adibidez troiar asteroideak edo Lurretik-gertuko asteroideak. Asteroide gerrikoaren masaren erdia inguru lau asteroiderik handienetan biltzen da: Zeres, 4 Vesta, 2 Pallas eta 10 Higia[1]. Asteroide gerrikoaren masa osoa Ilargiaren %4 inguru da, edo Plutonen %22 eta bere satelite Karonteren bikoitza.
Zeres, asteroide gerrikoko planeta nano bakarra, 950 kilometroko diametroko objektua da, 4 Vesta, 2 Pallas eta 10 Higiaren diametroa 600 kilometro baino txikiagoa den bitartean[2][3][4]. Gainontzeko objektu guztiak hori baino txikiagoak dira, hauts partikula baten tamainara arte. Asteroide gerrikoaren materiala hain dago sakabanatua, ezen satelite artifizial ugari igaro diren bertatik inongo arazorik edo talkarik gabe[5]. Hala ere, asteroide handien arteko talkak gertatzen dira, eta honek ezaugarri orbital eta konposizio antzekoa duten asteroide familiak sor ditzake. Asteroide gerrikoan dauden objektuak euren espektroaren arabera sailkatzen dira. Gehienak hiru mota hauetakoak dira: karbono ugaridunak (C-mota), silikatozkoak (S-mota) eta metalikoak (M-mota).
Asteroide gerrikoa Eguzki-sistemaren sorrerako nebulosatik sortu zen, planetesimal multzo gisa. Planetesimalak dira protoplaneta baten lehen osagaiak. Marte eta Jupiterren artean, ordea, Jupiterren grabitazioaren indarrak ez zuen baimendu protoplaneta horiek sortzea, ez zuelako baimentzen akrezioa ematea planeta batean elkartuz[6][7]. Talkak energetikoegiak ziren, eta elkarrekin fusionatu beharrean euren artean talka egin eta suntsitu ziren. Ondorioz, asteroide gerrikoaren hasierako masaren %99,9 galdu zen Eguzki-sistemaren historiako lehenengo 100 milioi urtetan zehar[8]. Zati horietako batzuek bidea aurkitu zuten Eguzki-sistemaren barnealderantz, meteorito talkak sortuz planeta telurikoetan. Asteroideen orbitak oraindik ere aldatzen dira euren Eguzkiaren inguruko orbitaren periodoak orbitaren erresonantzia aurkitzen duenean Jupiterrekin. Distantzia orbital horietan, Kirkwooden hutsuneak ematen dira, asteroideak orbitaz mugitzera behartzen dituztenean[9].
Eguzki-sisteman badaude beste asteroide eskualde batzuk, adibidez Lurretik-gertuko asteroideak, zentauroak, Kuiper gerrikoa, disko sakabanatua, sednoideak eta Oorten hodeia.
2014ko urtarrilaren 22an ESAko zientzialariek lehen aldiz aurkitu zuten ur-lurruna Zeresen[10]. Herschel Space Observatoryko infragorri urrunak erabiliz egin zen aurkikuntza eta ezusteko handia izan zen, ur-lurruna kometen ezaugarria zela uste zelako. Kometa eta asteroideen arteko mugak geroz eta lausoagoak dira[11].