Austriar eskola

Zientzia ekonomikoan, austriar eskola XIX. mendean Carl Menger ekonomialariak (1840-1921) sortu zuen pentsamendu ekonomikoaren eskola bat da, zientzia naturalaren metodoak ekonomiaren azterketarako baliozkoak ez direla, baina aldi berean ekonomia gobernatzen duen lege unibertsalak badaudela baieztatzen duen pentsamendu-joera da, garaiko eskola historikoa eta marxistak ez bezala. Lege hauek logikaz eta arrazonamenduz azalerazi behar direla defendatzen dute ekonomialari hauek[1]. Psikologiako teorietan oinarriturik, utilitate marjinal kontzeptua sortu eta garatu zuten, marjinalismoaren markoaren barnean. Klasikoak eta marxistak ez bezala, balioaren kontzeptu subjetibo bat sortu eta indibidualismo metodologikoa bultzatu zuten horrela, ekonomia gizakiaren banakotasunetik aztertu behar dela ere defendatuz. Aldi berean eta klasikoak ez bezala, hazkunde ekonomikoa baino, baliabideen esleipen hobezinaz arduratzen ziren euren lanetan[2]. Austriar eskolako ekonomialariek gobernuaren interbentzionismoaren aurka (inflazioa neurri handi batean gobernuko banku zentralaren erruz gertatzen dela azalduz, esaterako) eta ekimen pribatu askearen alde agertzen dira.

Austriar izena eskolaren sortzaile eta lehenengo jarraitzaileen jatorriarengatik azaltzen da: Carl Menger eta bere lehenengo jarraitzaileak bertakoak ziren, hain zuzen. Besteak beste, Mengerek sortutako austriar eskolan kokatu ziren baita ere Eugen von Böhm-Bawerk, Friedrich Hayek, Ludwig von Mises eta Friedrich von Wieser ekonomialariak. Hala ere, XX. mendezehar eta gaurdaino mundu osoan zehar beste ekonomialari askok jarraitu dute austriar eskolaren tradizioa eta bizirik dirauen pentsamendu-eskola da. Hain zuzen, eskola honetako ekonomialariek 2008-2009ko krisialdi ekonomikoa aurreikusi zutela aipatu da [3].

  1. (Gaztelaniaz) Luís Perdices de Blas, Rogelio Fernández Delgado Escuelas de pensamiento económico, 60. orrialdea.
  2. (Gaztelaniaz) Tomás Bonavía Martín,Ismael Quintanilla Pardo: Psicología y economía, 44. orrialdea.
  3. (Gaztelaniaz) Óscar Vara ekonomialariari egindako elkarrizketa: La Escuela Austriaca y la crisis financiera. www.youtube.com. 2009-07-09.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy