Autoklabea laborategiko edo ospitaleko materiala esterilizatzeko erabiltzen den tresna da, horma sendoak eta itxiera hermetikoa dituena, eta presio zein tenperatura handiko ur-lurruna erabiltzen duena.
Tenperatura handiko ur-lurruna erabiltzen duenez, autoklabearen jarduera "bero hezean" datzala esan ohi da.
Autoklabe gehienek 121ª C-tan eta 1,1kg/cm2-ko presioarekin lan egiten dute. Tenperatura eta presio horietan 15-20 minutuko denbora nahikoa da materialaren esterilizazioa osatzeko (material garbia esterilizatu ohi da 15 minututan, eta zikina 20 minututan). Hala ere, objektu handiak esterilizatzeko kontuan hartu behar da haien bolumena; zenbat eta handiagoa izan, orduan eta denbora gehiago beharko da esterilizazio osoa lortzeko.
Autoklabeko eragile esterilizatzailea ur-lurrun beroa da. Mikroorganismoak ez dira hiltzen autoklabe barneko presioarengatik, presiopean dagoen lurrunak duen tenperaturagatik baizik. Ur-lurrunak hidratatzen du, eta hidratazio horrek laguntzen du mikrobioak akabatzen, haien proteinak koagulatzen eta suntsitzen baitira.
Ur-lurruna erabiltzen duenez, autoklabea ez da gai hainbat material esterilizatzeko: papera, plastiko batzuk eta hainbat likido ezin dira autoklabean esterilizatu, eta beste prozeduren bitartez tratatu behar dira.
Autoklabeek presioaren eta tenperaturaren neurgailuak eduki ohi dituzte, esterilizazio-prozesua kontrolatzeko. Hala ere, autoklabe ugarik manometroa besterik ez dute (barneko presioa neurtzeko), presioa jakinda tenperatura ere jakin daitekeelako (harreman zuzena dago ur-lurrunaren presio eta tenperaturaren artean)