Bakearen Nobel Saria (norvegieraz eta suedieraz: Nobels fredspris) Alfred Nobelek sorturiko 5 Nobel Sarietako bat da. Urte horretan bakearen alde, nazioen arteko elkartasunaren alde eta gerren aurka lana egin duen norbaiti ematen zaio. Beste sariek ez bezala Norvegiako Parlamentuko bost kideen komisio batek erabakitzen du nori eman. Saria sortu zen garaian Suedia eta Norvegia herrialde bera ziren eta horregatik banatzerakoan Norvegiari eman zitzaion aukeratzeko eskubidea. Saria Oslon banatzen da abenduaren 10ean, eta Stockholmen ematen ez den Nobel Sari bakarra da.
Bakearen Nobel Sariaren domina Gustav Vigeland norvegiar eskultoreak diseinatu zuen.