Balbula termoioniko

Huts balbula

Balbula termoionikoabalbula elektronikoa, hodi elektronikoa, huts balbula edo huts hodia ere deitua— osagai elektroniko bat da, seinaleak anplifikatzeko, kommutatzeko edo eraldatzeko erabiltzen dena. Elektroien mugimendua kontrolatzen du presio oso baxuko espazio huts batean, edo bereziki aukeratutako gasen presentzian. Jatorrizko balbulak ahalbidetu zuen elektronikaren garapena XX. mendearen hasieran. Horrekin batera, sektore batzuen garapena ahalbidetu zuen, adibidez: irrati-difusioa, telebista, radarra, sare telefonikoak, konputagailu analogikoak eta digitalak, industria kontrola eta abar. Aplikazio horietako batzuk huts-hodia asmatu baino lehen ere existitzen ziren, baina harekin gorakada handia lortu zuten.

Historian zehar balbula mota asko izan dira, baina oinarrizko lan-printzipioak hauek dira:

  • Edison efektua: Balbula elektroniko gehienak metal beroek dituzten propietateetan oinarritzen dira; alegia, beraien gainazaleko elektroiak askatzen dituzte.
  • Gas ionizatuak: Beste kasuetan, gas ionizatuek dituzten eroankortasun elektrikoaren propietateak erabiltzen dira. Hau nagusiki garrantzitsua izaten da tentsio erregulatzaileetan, merkurio lurrun artezgailuetan, T/R kommutazio-balbuletan, etab.
  • Efektu fotoelektrikoa: Beste kasuetan, funtzionamendu-printzipioa efektu fotoelektrikoagatik askatutako elektroietan oinarritzen da.

Teknologia honen gainbehera transistorearen asmakuntzarekin hasi zen, eta halaxe jarraitu zuen egoerak osagai solidoen garapenarekin, balbulak baino txikiago, merkeago eta fidagarriago zirelako. Hala ere, gaur egun oraindik aplikazio zehatz batzuetan erabiltzen da, arrazoi teknikoengatik egokiago izaten baita. Adibidez, potentzia altuko erradio-frekuentziako transmisoreetan eta radar-sistemetan, magnetroiak, TWT uhin mailakatuko balbulak, tiratroiak, eta abar erabiltzen dira. Telebistan eta osasun arloko irudikapen-sistemetan oraindik hodi katodikoak erabiltzen dira, eta etxeetan erabiltzen diren mikrouhin labeen funtzionamenduaren oinarria da. Mikrofono, gitarra eta baxu-aurreanplifikadoreetan ere asko erabiltzen dira, eta baita hi-fi ekipamenduetan ere.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy