Balea arrantza

Lapurdiko Getariako armarria, euskaldunentzat balea-arrantza zeinen garrantzizkoa zenaren erakusgarri.
Balea arrantza (XIX. mendeko irudia).

Balea arrantza[1] itsas ugaztun hauek harrapatzean datza, batez ere baleakia (haragia) eta lumera (koipea) lortzeko. Aspaldiko ekintza izanik ere, industria antolatu gisa euskal baleazaleek garatu zuten eta XVI. menderako, euskal kostaldeko industria nagusia bihurtu zen. Industria mundu osora zabaldu zen eta gero eta errentagarriagoa bihurtu zen merkataritzari eta baliabideei dagokienez.

Munduko ozeanoetako eskualde batzuek, animalien migrazio-bideetan zehar, baleen populazio bereziki handia zuten, eta baleontzien handien helburu bihurtu ziren. Industriak hazten jarraitu zuen XX. mendea amaiera alderaino. Horren ondorioz, balea espezie batzuk iraungiak edo galzorian daude, eta herrialde askotan balea arrantza debekatu zen 1969an, eta industria gisa debekatu 1980ko hamarkadaren amaieran [2].

Balea arrantza garaikidea eztabaidagai da oraindik ere. Kanadak, Islandiak, Japoniak, Norvegiak, Errusiak, Hego Koreak, Estatu Batuek eta Danimarkako Faroe Uharteek eta Groenlandiak XXI. mendean arrantzatzen jarraitzen dute. Arrantza komertziala babesten duten herrialdeek, bereziki Islandiak, Japoniak eta Norvegiak, Nazioarteko Balea Batzordearen (IWC, International Whaling Commission) debekua kendu nahi dute balea espezie batzuekin, baina aurkako herrialdeak eta talde ekologistak debekua mantentzearen alde daude. IWCren arabera, aborigenek baleak harrapatzen jarraitu ahal izango dute haien biziraupena bermatzeko [3]. Azken hamarkadetan, balea-behaketa ogibide garrantzitsua bihurtu da munduko leku askotan; herrialde batzuetan arrantza ordezkatzeraino, nahiz eta beste batzuetan bi ereduak tentsio deserosoan egon.

  1. «Balea». Euskaltzaindiaren Hiztegia
  2. (Ingelesez) Commercial Whaling. iwc.int.
  3. (Ingelesez) Aboriginal substance whaling. About Whales and Dolphins (Noiz kontsultatua: 2016-02-24).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy