Balentzia-elektroiak atomoaren energia-maila nagusi (n) altuenean dauden elektroiak dira. Horiek dira taula periodikoko elementu desberdin bakoitzaren atomoen arteko elkarrekintzaren erantzuleak. Konposatuak eratzeko kanpo energia-mailetako elektroiak erabiltzen dira, eta horiei balentzia-elektroi deritze.
Elektroi horiek dute loturak eratzeko erraztasuna. Lotura horiek hainbat modutan gerta daitezke, bai elektroi trukeaz, bai atomoen artean elektroi bikoteak partekatzeaz, bai lotura metalikoan agertzen den interakzio motaren bitartez, hau da, banda-gainezarmen batez. Elektroi horien kopuruaren arabera, atomo bakoitzak beste atomo batekin edo batzuekin eratu dezakeen lotura kopuruan eragingo du.
Atomo baten kanpo elektroiak baino ezin ditu erakarri hurbileko beste atomo batek. Oro har, barruko elektroiei gutxiago eragiten diete, d eta f azpigeruza beteetan dauden elektroiei ere ez, bi azpigeruza horiek atomoaren barrualdean daudelako eta ez azalean.
Elementu baten balentzia azken geruza betetzeko behar duen edo soberan duen elektroi kopurua da. Gas nobleen balentzia, beraz, zero izango da, azken geruza osoa baitute. Sodioaren kasuan, balentzia 1 da, balentzia-elektroi bakarra duenez, elektroi bat galduz gero azken geruza beteko du.