Batman 1960ko hamarkadako AEBetako superheroi telesail bat da. Bob Kane eta Bill Finger komikigileen Batman superheroiaren komikietan oinarritua dago. Bertan, Adam West, Burt Ward, Alan Napier, Neil Hamilton, Stafford Repp, Madge Blake, Yvonne Craig eta Cesar Romero aktoreek antzeztu zuten. Telesailaren William Dozier sortzailea berak narratzailearen ahotsa ipini ohi zuen.
Euskal Herrian ETB1an euskaraz eta ETB2an gaztelaniaz aireratu zen.
Telesail honen sarrerako eta amaiera kredituetako "Batman Theme" doinu edo abestia Neal Hefti musikariak konposatu zuen, gainontzeko musika Nelson Riddle eta Billy May musikarien eskutik konposatu zelarik.
Gaur egungo Batmanen filmak ez bezala, honako telesail honen arrakasta itzela inongo efektu berezirik gabeko seuperheroiaren nolabaiteko parodia zelakoan datza, Batman antzezten zuen Adam West aktoreak galai planta izan arren ohiko superheroiek eta Batman berea ez bezala fisikoki sasoi bete-betean ez baitzegoen. Bestalde, borrokaldietan kolpeak eta ukabilkadak onomatopeien hizkiekin eta musikarekin irudikatzen ziren, komikiak bailiran. Telesailak eta pertsonaiek 1960ko hamarkadako Beat belaunaldiaren estetika izateak ere telesailaren hedapenean zerikusi handia izan zuen.
Bestalde, telesailak bere moraltasun ukitu edo hiritartasun alhokuak ere bazituen, adibidez, protagonistek gidatu aurretik segurtasun gerrikoa jarri behar zela maiz aipatu ohi zuten, bai eta haur eta nerabeek etxekolanak egin behar zituztela, gainera bitxikeria gisa, Batman eta robinek inoiz ez zuten alkohol tantarik edan, aldiz, edonora zoaztela ere edateko beti esnea eskatu ohi zuten.