Betizu

Betizu
Behi arraza
EspezieaBos taurus
Jatorria Euskal Herria
SinonimoakMendi-behia, larra-behia, basa-behia, betizu-basa idi, betisko, ohianbehi, aurer, auger, behigorrixa.

Betizua Euskal Herriko bertako behi arraza da[1]. Bertako behi arrazen artean, seguruen autoktonoena bezala hartu daitekeena. Gehienetan eta betidanik euskal mendietan bizi izan direnak, erdi askatasunean. Batzuetan behi basatitzat ere hartuak izan dira, kasu askotan halaxe bilakatu direlako. Horren lekukotasuna dago, esate baterako, Larrun mendian joan den mendean[2].

Hainbatentzat "Europako azken basa behiak" dira[3], nahiz eta kontinentean beste hainbat arraza basatiek irauten duten. Esate baterako Andaluziako Doñanako paduretako behi mostrenkoak. Edo betizuen senideak diren eta desagertzeko zorian dauden behi landesak[4].

Arraza egoera larrian dago, haragi eta esne ekoizpenaren aldetik beste hainbat behi arraza baina okelez urriagoak izanik, joan den mendeko erdialdetik baina bereziki azken hamarkadetatik baserritarrek baztertuz joan ziren eta arraza emankorragoak erabiltzeko[5]. Hala ere, arrazari buruzko ezagutza handitzeaz gainera, betizuak berreskuratzeko ahaleginak egiten ari dira XXI. mendetik. Espainiar Ministerioak 1977. urtean onartu zuen arraza ofizialki Euskal Herriko Hegoaldean[6].

Abere hauen jatorria oso zaharra da, eta dirudienez, garai batean Pirinio aldean bizi ziren bovido edo betabere basatien populazioetan dago. Betizuak Pirinioetako abelgorrien arraza ezberdinen arbasorik zaharrenak izango lirateke[5]. Erliebe menditsuaren ondorioz isolaturik, betizu arraza beste arrazekin gurutzatu gabe geratu zen eta beraz, antzinako populazio haietatik iraun du. Nafarroako nafar kasta motako zezenen aitzindariak direla ere aipatua izan da[7].

Betizuak desagertzeko zorian daude, eta ez du ematen abere kopurua asko emendatu denik azken urtetan. Egoera bereziki larria da Ipar Euskal Herrian. Hemen bertako arrazak kontserbatzeko ardura duen "Conservatoire des Races d'Aquitaine" erakundeak ez du asmatzen azken urtetan betizuen kopurua mantentzeko. 2015. urtean Iparraldeko betizu elkartea desegin zen[8].

Euskal mitologian zein elezaharretan, maiz agertzen dira betizuen itxurako jenio edo ireluak, beste zenbaitzuen artean behigorri edo zezengorri izenekin. Sarritan Mari Euskal Herriko antzinako jainkosa handiarekin lotuta. Festetan ere erabiliak izan dira, bereziki soka-muturrerako, eta baita errekortari jokoetan ere. Eragin kulturala telebistara ere zabaldu da, hain zuzen EITBko "Betizu" izeneko umeentzako saioak irudizko betizu bat izan zuen pertsonaia nagusitzat.

  1. (Gaztelaniaz)arrazari buruzko artikuliua. [1]
  2. Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao 1976.
  3. Euskal Herriko betizuak. Europako azken basa-behiak", Saturnino Napal Lekunberri y Alberto Pérez de Muniain Ortigosa, Bizkaiko Aldundia, 2006. ISBN 84-7752-409-2
  4. https://web.archive.org/web/20160306022356/http://www.sepanso.org/reserves/images/cousseau/2005-08-22.JPG
  5. a b https://web.archive.org/web/20181209123811/https://www.intiasa.es/es/explotaciones-ganaderas/areas-de-interes/ganaderia-navarra/razas-autoctonas/40-explotaciones-ganaderas/460-betizu.html
  6. https://feagas.com/razas/bovino/betizu/
  7. https://web.archive.org/web/20080616090648/http://www.festejospopulares.es/Reportajes/Betizu/Betizu%20y%20casta%20Navarra.htm Betizuak eta Nafar Kastako zezenak
  8. Berriaren artikulua: [2]

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy