Judeako mendietan dago, Zisjordanian, eta gaur egun 25.000 biztanle ditu. Munduko kristau komunitate zaharrenetarikoa bertan bizi da, eta historian zehar kristauak izan dira bertako biztanle gehienak, baina gaur egun musulmanek aurrea hartu diete.
Kristauentzat Betleemek esanahi garrantzitsua dauka, bertan jaio baitzen Jesus. Judaismoarentzat ere garrantzitsua da, bertatik gertu baitago Jakob aitalehenaren emazte Rakelen hilobia. Konstantino Handia enperadoreak 330ean eraiki zuen Natibitatearen basilika, Kripta Santua deituriko zulo baten gainean. Tradizioaren arabera, leku horretan bertan jaio zen Jesus. Baliteke hau izatea munduko kristau eliza guztien artean zaharrena.