Bigarren Triunbiratua

K.a. 41eko erromatar aureus txanpona, alde bitan Marko Antonio (ezker) eta Oktaviano (eskuin) dituela.

Bigarren triunbiratua[1] da historialariek Oktavio, Lepido eta Marko Antoniok osatutako itunari eman dioten izena. Lehen Triunbiratuak ez bezala, bigarrenak estatus ofiziala (nahiz eta legez kanpokoa) izan zuen. Eskumenetan ez zeukaten parekorik, eta haien boterea kontsulenen gainetik zegoen. Muga bakarra epea zen: 5 urteko agintaldia zuten.

Proskripzioak berreskuratu zituzten ogasun publikoa betetzeko. Biktima nabarmenena Marko Tulio Zizeron izan zen. Zesarren aurkari zaharra ez ezik, Marko Antonio ere gogor kritikatu zuen Filipiketan. Haren anaia Kinto Tulio Zizeronen kontra ere jo zuten. Ezusteko handiagoa zen Luzio Julio Zesarrena, zein Zesarren lagun eta laguntzaile ohia nahiz Marko Antonioren osaba zen.

Zesarren hiltzaileek, Marko Brutok eta Kasiok, ekialdeko probintzien agintea zeukaten. Oktaviok eta Marko Antoniok menderatu zituzten Filipoko bi batailetan, eta hiltzaileek bere burua hil zuten. K.a. 42an, triunbiroek probintziak haien artean banatu zituzten. Oktaviok mendebaldea hartu zuen, Marko Antoniok ekialdea eta Lepidok Afrika.

Marko Antoniok ekialdeko probintziak erreformatzen zituen bitartean, Oktaviok Sexto Ponpeio pirata, Ponpeio Handiaren semea, eraso eta garaitu zuen. Kanpainak Oktavioren laguntzaileak, Marko Vispasiano Agripak, burutu zuen. Agripa K.a. 37an izan zen kontsul, eta triunbiraldia beste bost urterako luzatu zien.

Lehen Triunbiratuak bezala, Bigarrenak ezin izan zituen osatzaileen jelosiak eta handinahiak jasan. Lepido, beste bien itzalpean beti, saiatu zen Oktavioren legio garaileen agintea hartzen. Hori zela kausa, Oktaviok triunbiratutik bota zuen, nahiz eta pontifex karguan jarraitzen utzi zion.

Marko Antoniok, Oktavioren arrebarekin ezkondu arren, ez zuen Kleopatrarekiko harremana ezkutatzen. Horretaz baliatuta, Oktaviok iritzi publikoa Marko Antonioren kontra jarri zuen. K.a. 33an, triunbiraldia bukatu bazen ere, Marko Antoniok triunbiro titulua erabiltzen segitu zuen. Oktaviok, Marko Antonioren testamentua ilegalki eskuratutakoan, ozenki irakurri zuen Erroman. Kleopatrarekin izandako seme-alabak oinordeko izendatzen ziren eta Alexandrian ehorzteko nahia adierazi zuen Marko Antoniok. Erromak, asaldatuta, gerra deklaratu zion.

K.a. 31an, Aktio batailan, Oktaviok Marko Antonio eta Kleopatraren tropak menderatu zituen. Garatitutakoek, Egiptora ihes eginda, bere buruaz beste egin zuten Alexandrian K.a. 30ean. Lepidoren bazterketari eta garaipen horri esker, Oktavio Erromako buru bakarra eta ukaezina bihurtu zen. Errepublikaren garaia bukatu eta Inperioarena hasi zen.

  1. Triunbiratu agertzen da Elhuyar eta 3000 hiztegietan. Triumviratu agertzen da Euskaltermen.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in