Bihotza | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | Zirkulazio-aparatua |
Aparatua | Zirkulazio-sistema |
Kokapena | barrunbe torazikoa |
Konponenteak | cardiac chamber (en) Miokardioa |
Artikulazioa | arteria zaina |
Hona drenatzen du | goiko kaba |
Arteria | right coronary artery (en) left coronary artery (en) |
Zaina | goiko kaba |
Nerbioa | Bihotz-plexu |
Identifikadoreak | |
Latinez | cor |
Antzinako grezieraz | kardía (καρδία) |
MeSH | A07.541 |
Terminologia anatomikoa |
Bihotza muskuluz osatutako organoa da, uzkurdura erritmikoen bidez odola arteria eta benetan barrena zirkulatzea eragiten duena[1]. Animalia gehienetan aurkitzen da[2]. Bihotzak oxigenoz eta elikagaiz hornitzen du gorputz osoa, eta metabolismoaren hondakinak kanporatzen ditu[3]. Gizakietan biriken artean kokatuta dagoen organoa da, bularraren erdiko konpartimentuan zehazki[4].
Gizakietan, baita beste ugaztun batzuetan eta hegaztietan ere, bihotza lau ganberatan banatuta dago. Goiko eskuineko eta ezkerreko aurikulak eta beheko eskumako eta ezkerreko bentrikuluak[5][6]. Oro har, eskuineko aurikula-bentrikuluei eskuineko bihotz esaten zaie eta, ezkerreko homologoei, berriz, ezkerreko bihotz[7]. Arrainek, aldiz, bi ganbera dituzte, aurikula bakarra eta bentrikulu bakarra, eta narrastiek hiru ganbera[5].
Bihotz osasuntsuetan odola noranzko bakarrean mugitzen da bihotzeko balbulei esker. Izan ere, balbulok atzeranzko mugimendua galarazten dute[4]. Bihotza perikardio deritzon poltsa babesle batez inguratuta dago, zeinek likido pixka bat ere daukan. Bihotzaren pareta hiru geruzaz osatuta dago: epikardioa, miokardioa eta endokardioa[8].
Muskulu-organo honek nodulu sinoaurikularrean dauden zelula taupada-markatzaile talde baten bidez odola ponpatzen du erritmo jakin batean. Zelula horiek bihotzaren uzkurketa eragiten dute eta, gainera, korrontea sortzen dute nodulu atriobentrikularrean zehar eta bihotzaren garraio-sisteman zehar. Bihotzak zirkulazio-sistematik oxigeno gutxi duen odola jasotzen du. Odol hori goiko eta beheko kaba zainetatik eskumako aurikulara sartzen da eta eskumako bentrikulura igarotzen da. Hortik, biriketara ponpatzen da, eta bertan oxigenoa jaso, eta karbono dioxidoa askatzen du. Ondoren, oxigenoa duen odola ezkerreko aurikulara itzultzen da, ezkerreko bentrikulutik igarotzen da eta, aortaren bitartez, zirkulazio-sistemara ponpatzen da. Hor oxigenoa erabiltzen da eta karbono dioxidoa metabolizatzen da[9]. Bihotzak atsedenaldi egoeran minutuko 72 taupada inguru egiten ditu[10]. Ariketak maiztasuna denbora-tarte batean handitzen du, baina atsedenaldian tarte luzea emanez gero, maiztasun kardiakoa txikitu egiten da. Maiztasun-aldaketa horiek onak dira bihotzaren osasunerako[11].
2008. urtean zehar gaixotasun kardiobaskularrak mundu mailako heriotza-kausa ohikoena izan ziren: heriotzen % 30en kausa[12][13]. Horietako hiru laurden baino gehiago arteria koronarioetako gaixotasunagatik eta garun-isuriarengatik gertatzen dira[12]. Arrisku-faktore dira erretzea, gainpisua izatea, kirol gutxi egitea, kolesterola garaia izatea, odol-presio garaia izatea eta bai gutxi kontrolatutako diabetesa izatea ere[14]. Gaixotasun kardiobaskularrek askotan ez dute sintomarik, baina, hala eta guztiz ere, gaixo batzuek bularreko mina zein arnas-urritasuna paira dezakete. Bihotzeko gaixotasunen diagnosia maiz pazientearen medikuak egindako historiala kontuan izanik egiten da, estetoskopio bidez bihotz-soinuak entzunez, eletrokardiograma bat eginez zein ultrasoinua erabiliz[4]. Bihotzeko gaixotasunak tratatzen dituzten espezialistei kardiologo deritze, nahiz eta medikuntzako zenbait espezialistek parte har dezaketen gaixotasunen tratamenduan[13].