Bilboko aldirien sarea | |||
---|---|---|---|
Datu orokorrak | |||
Garraio mota | Metro, tren, tranbia eta funikularra | ||
Eskualdeak | Arratia-Nerbioi, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri eta Uribe Kosta. | ||
Lineak | 15 | ||
Geltokiak | 175 | ||
Ustiapena | |||
Eragilea | Metro Bilbao Eusko Trenbideak Renfe Operadora Artxandako funikularra | ||
|
Bilboko aldiriko trenbideen sarea lau eragile ezberdinek ustiatzen dituzten 15 lineaz osatzen da. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak kudeatzen duen Eusko Trenbideak sozietateak 7 linea ditu, Euskotren Trena (sei linea) eta Euskotren Tranbia (linea bakarra) zerbitzuak batuta. Espainiako Sustapen Ministerioaren menpe dagoen Renfe Operadora eragileak beste 5 linea ustiatzen ditu, Renfe Aldiriak (hiru linea) eta Renfe Feve (bi linea) marka komertzialen bidez. Bizkaiko Garraio Partzuergoak, Metro Bilbao sozietatearen bidez, 2 linea eta horien barruan bi anezka ustiatzen ditu. Azkenik, Bilboko Udalak Funicular de Artxanda, S.A. sozietatearen bitartez Artxandako funikularra kudeatzen du.
Eragileen arteko koordinaketa kudeatzeaz Bizkaiko Garraio Partzuergoak arduratzen da. Gainera, eragile guztietan erabiltzeko tituluak jaulkitzen ditu, Barik txartela euskarritzat duela.
Marka komertzial bakoitzak geltoki-buru nagusia du Bilbon, izanik Eusko Trenbideak sozietatearena Atxuriko geltokia, Renfeko Aldirien zerbitzuarena Abandoko Indalecio Prieto geltokia, eta Renfe Feverena Bilbao-Concordia geltokia. Bere aldetik, Metro Bilbaok ez du geltoki-buru nagusirik, eta Euskotren Trena marka komertzialaren L3, E1, E3 eta FE lineek ez dute geltoki-burutzat Atxuri.
Lineok Bizkaiko Lurralde Historikoak dituen zazpi eskualdetik hurrengo seiak lotzen ditu, Bilboko gune metropolitarra Bilbo hiriarekin lotuz: Arratia-Nerbioi, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri eta Mungialdea eskualdeko Uribe Kosta azpieskualdea.