Biomasa

Biomasa ulertzeko bi era daude; alde batetik ekologian eskualde edo ekosistema zehatz batean bizi diren izaki bizidunen materia edo masa total gisa ulertzen da. Izaki bizidunak esaten denean, hilda dauden aleen masa ere kontuan hartu behar da: hildako zuhaitz baten enborra ere biomasaren parte da. Biomasaren baitan mikroorganismoak, landareak zein animaliak sartzen dira. Baina bestalde, energia-iturri gisa erabil daitekeen materia organikoa ere izan daiteke. Industria urriko herrialdeetan egurra da energia iturri nagusienetarikoa eta beraz, hortik dator ere energiarako erabiltzen den materiari izen bera jartzea.

Biomasaren neurri-unitate gisa area-unitateko dagoen masa edo ekosistema bateko masa osoa erabil daiteke. Beraz, tonak kilometroko karratuko edo gramoak metro karratuko erabil daitezke, baina baita ekosistema batean, laku batean esaterako, dagoen masa osoa ere. Biomasa modu askotara neur daiteke, zer neurtu nahi den kontuan hartuta. Masa freskoa erabil daiteke, ura barne, esaterako lursail batek ekoizten duen patata kiloak jakiteko. Beste testuinguru batzuetan masa organiko lehor gisa neurtzen da. Aplikazio zientifiko zehatzetan, bestalde, organikoki lotutako karbonoaren masa gisa neurtzen da, (karbonoaren errekuntzan energia lortzen baita).


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in