Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa (BGBK)[1]arnas gaixotasun kronikorik ohikoena eta zabalduena da mundu mailan. Ondorioak oso nabarmenak dira lan eta osasun arloan zein ekonomikoak.
BGBK biriketako nahasmendu bat da, eta arnasbideak buxatzea du ezaugarri. Buxadura progresiboa da, oro har, eta itzulezina. Intzidentzia handiagoa du tabako- eta egur-/ikatz-kea arnasten duten pertsonengan. Sintoma nagusi gisa, arnasteko gaitasuna murriztu egiten du, urteen joanean poliki-poliki aurrera egiten duena eta kaltetuen bizi-kalitatea nabarmen narriatzea eragiten duena, heriotza goiztiarra ere eragin dezakeelarik[2].
Erretzaileen % 20 eta % 25 artean garatzen dute gaixotasuna, baina ez dira garapenerako joera izateko arrazoiak ezagutzen, nahiz eta faktore anitzen osagaia izan daitekeen eta ingurumen-elementuak izan ditzakeen, hala nola norbanakoaren suszeptibilitatea[3].
BGBKren arrazoirik ohikoena tabakismoa da. Beste arrisku-faktore batzuk hauek dira: barneko eta kanpoko kutsadura, lanerako substantzia narritagarrien eraginpean egotea (hala nola aleen hautsa eta kadmio-hautsa edo lurrunak) eta genetika[4][5]. Garapen-bidean dauden herrialdeetan, ikatza eta biomasa (egurra eta simaur lehorra, adibidez) erabiltzen dira sukalde eta berotzeko erregai gisa, eta horiek dira barne-airea kutsatzeko ohiko iturriak[6]. Hirietan bizi diren pertsona gehienak airearen kutsadura maila kaltegarrien eraginpean daude. Diagnostikoa oinarritzen da espirometria bidez neurtutako aire eskasaren fluxuan[4].
BGBK kasu gehienak saihestu daitezke arrisku-faktoreen eraginpean egotea murriztuz, hala nola tabakismoa eta barneko eta kanpoko kutsatzaileak[4]. Tratamenduak okerrera egitea atzeratu badezake ere, ez dago ebidentzia eztabaidaezinik sendagairen batek biriken funtzioaren epe luzeko narriadura alda dezakeela dioenik. BGBKrako tratamenduen artean daude: erretzeari uztea, txertoak, biriken errehabilitazioa, arnastutako bronkozabaltzaileak eta kortikosteroideak[4]. Pertsona batzuk balia daitezke epe luzerako oxigenoterapiaz, biriken bolumena kirurgikoki murriztuz eta birika transplantatuz. Okerragotze-aldi akutuak dituzten pazienteetan, litekeena da medikamentu, antibiotiko, kortikosteroide eta ospitaleratze gehiago behar izatea[7].
↑(Gaztelaniaz)«EPOC o epoc, no Epoc»www.fundeu.es 2013-11-13 (Noiz kontsultatua: 2024-07-31).