Bizi-kalitatea pertsona edo gizatalde baten bizitza-kondizioak dira, haren ongizateari, gogobetetzeari eta zorionari dagokienez. Definizio orokor horretaz gainera, bizi-kalitatea zehazten duten alderdi zenbait finkatu dira, hala nola osasun eta hezkuntza zerbitzuen aukera, ingurumenaren egoera, segurtasuna lanerako aukerak, lan orduen kopurua, errenta eta bere banaketa eta askatasuna.
Bizi-kalitatea neurtzeko Nazio Batuek proposatutako Giza Garapenaren Indizea erabili ohi da. Bertan hainbat aldagai hartzen dira kontuan: bizi itxaropena, hezkuntza (maila guztietan) eta barne-produktu gordina per capita[1].
Aurrekoa neurria erabiliena izan arren badaude beste proposamen batzuk bizi-kalitatea neurtzeko. Hor dago Zoriontasunari buruzko Munduko Txostena, 156 herrialde sailkatzen dituena duten zorion-mailaren arabera. Horrek adierazten du munduan gero eta interes handiagoa dagoela zoriontasuna eta funtsezko ongizatea giza garapenaren kalitatearen adierazle gisa erabiltzeko.[2]
Osasunaren aldetik ere landu da kontzeptua, pertsonen osasunean zentratuta. Hecht eta Shiel-ek honela neurtzen dute bizi-kalitatea: “pazienteak bizitzako jarduera normalez gozatzeko duen gaitasuna”. Izan ere, bizi-kalitateak lotura estua du ongizatearekin, gaixotasunik eta tratamendurik behar izan gabe.[3]