Boris Nikolaievitx Jeltsin,[1] errusieraz Борис Николаевич Ельцин /bɐˈrʲis nʲɪkɐˈlaɪvʲɪtɕ ˈjelʲtsʲɨn/ ahoskatua, (1931ko otsailaren 1a - 2007ko apirilaren 23a) errusiar politikaria izan zen. Sobietar Batasunaren desagertzearen eta Estatu Independenteen Komunitatearen sorreraren erantzulea izan zen. 1990ean Errusiako lehen presidentea bihurtu zen, zuzenki aukeratua izan zen lehena izanik.
Haren erabakiek zeresan handia eragin zuten. Demokraziaren izenean, Sobiet Batasuna desegin eta berak bultzatutako erreforma ekonomikoek Errusian krisi ekonomikoa eragin zuten. Herrialdea bere onera itzuli zenerako, haren ospeak nabarmen egin zuen behera. Hala ere, Jeltsinen akatsik larriena Txetxeniari erasotzea izan zen. Independentisten kontrako bi gerretan milaka pertsona hil ziren. Mikhail Gorbatxovek —gerora haren etsai bilakatu zen— ibilbide politikoa hasi zion, 1985ean Alderdi Komunistaren Moskuko arduradun izendatu zuenean. Bi urte iraun zuen bi buruzagien arteko laguntasunak. 1987an kargugabetu egin zuten, Gorbatxoven politika kritikatzeagatik. Bi urte geroago, Alderdi Komunista utzi zuen. Haren garai onenak iristear zeuden.[2]