Brazil (euskaraz Brasil) 1985eko Terry Gilliam ingeles zinema zuzendari eta gidoigileak zuzendu eta idatzitako zientzia-fikziozko film bat da. Jonathan Pryce, Robert De Niro, Katherine Helmond, Ian Holm, Bob Hoskins, Michael Palin, Ian Richardson, Peter Vaughan eta Kim Greist aktoreek antzeztu zuten.
Filma nagusiki George Orwell ingeles idazlearen 1984 eleberrian oinarritua dago eta distopian bizi den gizarte batean girotua. Aldiz, filmaren izenburua 1939an Ary Barroso brasildar musikagileak konposatuta eta Geoff Muldaur abeslariak abestutako Aquarela do Brasil ("Brasilgo Akuarela") abesti ospetsuaren izenburutik hartua da, ingelesez herrialde horren izena "Brazil" idazten baita.
Terry Gilliamen hitzetan film honek berak zuzendutako Time Bandits ("Denbora Bidelapurrak", 1981) eta The Adventures of Baron Munchausen ("Munchausen Baroiaren Abenturak", 1988) filmeekin batera "Irudimenaren Trilogia" delakoa osatzen omen dute. Hiru filmak bizitzaren hiru aro ezberdinetako hiru ikuspuntuetatik irudimenaren bidez errealitatetik ihes egiteko isladak omen dira: "Time Bandits, haur baten ikuspuntutik, Brazil, gizon heldu baten ikuspuntutik, eta Munchausen, gizon adindu baten ikuspuntutik".
Gaurko egunez Brazil kultuzko film bat bilakatu da eta Gilliamen filmeen zaleen artean ziur aski gogokoena.