Burujabetza, burujabetasuna edo subiranotasuna nazio, herrialde nahiz herri bateko lurraldea eta herritarrak gobernatzeko ahalmena, eskumena eta eskubidea da. Burujabetza duen nazio, herrialde nahiz herria burujabea dela esaten da.
Gizabanakoen eta taldeen historian boterea da protagonista garrantzitsuenetarikoa. Horrexegatik, hori da zuzenbide nahiz zientzia eta filosofia politikoen ardatz. Boterearen teoria eta zientzia, kratologia, diziplina gisa oraindik askorik landu ez bada ere, historiako une orok berariazko boterearen doktrina landu du, eta horren arabera antolatu du komunitate politiko bakoitzari dagokion botere eraginkorra. Esan daiteke Estatu modernoen boterearen doktrina berariazkoa dela burujabetza. Estatuaren espresio den heinean, kontzeptu historikoa da, Estatuaren beraren bilakaerarekin batera baita garatzen. Hala ere, burujabetasun kontzeptuak elementu aldaezinak ere baditu.
Burujabetza gizarte politiko baten aginpide goreneko boterea da, eta beste edozein botereren gainean dago. Botere horren sortzailea da haren jabe bakarra, burujabetzak iturburua ez baitu beste inolako botere motatan. Goreneko botererik ez duten gainerako giza elkarte guztiak multzo honetatik kanpo geratzen dira. Gehiago zehaztuz, burujabetzak esan nahi botere politikoa ez dagoela goi mailako beste botere baten mende, bera baita aginte gorena. Botere politikoa bere erabakiak beste botere baten ondorio ez direnean da burujabe.
Arestian aipatu bezala, giza historiaren une bakoitzean gauzatu den antolamendu politikoari egokituz eratu da burujabetza. Boterearen kontzeptua modu batean edo bestean erabili arren, burujabetza esaten den guztietan goreneko botere politikoaz ari gara.