Carl Sagan (Brooklyn, New York, AEB, 1934ko azaroaren 9a - Seattle, Washington, AEB, 1996ko abenduaren 20a) astronomoa eta zientzia-dibulgatzailea izan zen.
Ezaguna egin zen bereziki Cosmos: A Personal Voyage («Kosmosa: bidaia pertsonala») telesail ospetsua aurkeztu zuelako 1980an. Denetariko gaiak jorratzen zituen bertan, besteak beste, astronomia, filosofia edota eboluzioa. Narratzailea eta egilekidea izan zen. Ameriketako Estatu Batuetako telebista publikoaren historiako telesailik ikusiena izan zen, 60 bat herrialdetan 500 milioi pertsonako audientzia izan zuena. Geroxeago Cosmos liburua argitaratu zuen. 1985eko Contact zientzia-fikziozko eleberria ere idatzi zuen, eta bertan oinarritu ziren 1997ko izen bereko filma ekoizteko.
Eszeptizismo zientifikoaren eta metodo zientifikoaren defendatzailea izan zen. Exobiologiaren aitzindari, SETI (Estralurtar Adimenaren Bilaketa) proiektuaren bidez adimen estralurtarra bilatzearen sustatzailea izan zen. Ildo horretan ere, espaziora bidalitako zundetan mezuak bidaltzea bultzatu zuen, balizko estralurtarrei giza kulturari buruzko berri helarazteko.
Haren lan zientifikoetan esanguratsuenetakoa izan zen Artizarraren atmosferari buruz egindakoa. Ikerketa horren bidez, berotegi-efektua aztertu zuen lehen zientzialarietako bat izan zen.
Bere bizitzan zehar, Saganek sari eta kondekorazio ugari jaso zituen zientziaren eta kulturaren komunikatzaile gisa egindako lanagatik. Gaur egun, zientziaren dibulgatzaile karismatiko eta eraginkorrenetakotzat jotzen da, ideia zientifikoak eta alderdi kulturalak publiko espezializatu gabeari zehaztasunez transmititzeko zuen gaitasunari esker.