Casablanca 1942ko estatubatuar drama film bat da, Michael Curtizek zuzendua eta Humphrey Bogart Rick Blaine paperean eta Ingrid Bergman Ilsa Lund paperean dituela. 1943an film onenaren Oscar saria erdietsi zuen.
Bigarren Mundu Gerran Vichyko Frantziak kontrolatutako Casablanca hirian kokatuta, filmak Ricken barneko gatazka kontatzen du. Izan ere, pertsonai baten hitzetan, maitasuna ala bertutearen artean erabaki behar du Rickek: Ilsarekiko maitasuna ala bera eta bere senarra, erresistentziako burua, Casablancatik alde egiten nazien kontrako borrokan jarraitu ahal izaten laguntzearen artean alegia.
Maila goreneko aktoreak eta idazleak izan arren, inork ez zuen espero filma apartekoa izango zela. Nahiz eta plazaratzean arrakasta epela lortu, denborak aurrera egin ahala ospe handiagoa irabazten joan da. Egun, eskuarki, kritikak film handienetako zerrendetan goiko postuetan kokatzen du. Bogart eta Bergmanen lanak, bien arteko kimika, pertsonaien sakontasuna, zuzendariaren zein gidoilarien lana, eta filmaren eragin orokorra goraipatzen dira oro har.
Bitxikeri gisa, film honetako talde-teknikoa eta aktore-multzoa osatu zuten askok ondorengo 1944ko Passage to Marseille filmean ere parte hartu zuten.