Darwinismoa, Charles Darwinek (1809-1882), Galapagos uharteetara eta Hego Ameriketara bidaiatu ondoren eboluzioari buruz sortutako teoria da, orain arte aldaketa txiki batzuekin oraindik zutik dirauena. Bidaian egindako behaketak oinarritzat harturik eboluzoioaren teoria berria sotu zuen Darwinek. Darwinen arabera, bizirik irauteko borroka sortzen da espezieen artean, baliabideak izaki bizidunak baino urriagoak direnean. Hautespen naturala da borroka horren ondorioa. Hala espezierik gogorrenek egiten dute aurrera, hau da, ingurunean moldatzeko gaitasun handienak dituztenak. Aldiz, moldatu ezin daitezkeenak suntsitzen dira, eta gai direnen ezaugarriak, berriz, ondorengoetara igarotzen dira.
1859an izaki bizien eboluzioari buruz argitara eman zuen teoriarekin, Darwinek erabat irauli zituen bizidunen jatorriari buruzko orduko ideiak, eta Kopernikok, Galileok eta Newtonek lehenagotik egina zuten jakintza-iraultza handia osatu zuen. Munduan barrena Beagle ontzian bost urtez egin zuen bidaldia erabakigarria izan zen eboluzioari buruzko bere tesiak oinarritzeko frogak aurkitu eta biltzean. Tesi horiei eta Malthusek biztanleriaren hazkunde gehiegizkoaz zituen ideien laguntza erabakigarriari esker, teoria oso bat egin ahal izan zuen animalia- eta landare-moten sorrerak bi kausa zituela esplikatzeko: izaki bizien arteko aldaerak edo desberdintasunak, eta inguruak egiten duen hautespen naturala; hala, hobekien egokitu direnek errazago irauten dute bizirik.
Darwinek hautespen naturalaren aldeko froga asko erakutsi zituen, paleontologikoak, anatomikoak eta biogeografikoak batez ere. Gerora, eboluzioa frogatzen duten gero eta aurkikuntza gehiago egin dira; haien artean Darwin hil ondoren sortu ziren jakintzen ekarriak, genetikarenak eta biokimikarenak batez ere, dira aipagarrienak.