Dastamen

Dastamen-papila mota batzuk

Dasta edo dastamena elikagaien gustuak (edo, adiera zientifikoan, disolbaturik dauden substantzia kimikoak mihiko kimiorrezeptoreen bidez) ezagutzea ahalbidetzen digun zentzumena da, eta, berari esker, elikagarri direnak eta pozoi direnak bereiz ditzakegu.

Irensten ditugun elikagaien usaina, bide aero-digestibotik gora usaimen mukosarantz igotzen denean, fenomeno ezaguna gertatzen da: elikagaia, lehenik, sudur bidez «ezagutzen» dugu. Hortaz, mafrundi edo katarroak hartuta gaudela, janari ez diogu gusturik aurkitzen usaimena itxia dugulako. Dastamena osasunaren orientagarri (mingotsa ez dugu atsegin, ikasi arte, adibidez, alkaliak toxiko direlako) eta digestioaren laguntzaile da, sentsazio atseginek urin gastrikoak kitzikatzen baitituzte. Beroak, partikulak disolbagarriago bihurtzen dituenez, dastamena zorrozten du; hotzak, aldiz, moteltzen.

Usaimena eta dastamena hertsiki loturik daude. Izan ere, «gustuaz» ari garenean, zapore + usain binomioa adierazten dugu (laranja-, arrain-, antzinako gustua). Beraz, gizakiak gustu mordo bat bereiz ditzake estimulu batzuen aldibereko eraginez, hala nola tenperatura, usaina, urtsutasuna, samurtasuna, lakartasuna… Gure zentzumen-zelula espezializatuak (500 eta 20.000 artean; ohikoena, 4.000 inguru) papila izeneko egitura esferikoetan biltzen dira mihi bizkarrean (3/4), batik bat; gainerako gustu-hargailuak (1/4) ahosabai bigunean, faringean eta hestegorriaren goialdean daude, eta horien aktibazio-atalasea desberdina da: batzuek estimulu ugariago behar dituzte erreakzionatzeko.

Gustuaren inguruko informazioa mihiak biltzen du papiletan, hain zuzen. Horiek, sentimen-estimulua nerbio-bulkada bihurtuko dute; bulkada, berriz, hargailu horiekin loturiko neuronek berariazko nerbio-bidetik garuneraino eroango da; bertan, informazio hori jaso, eta prozesatuko da, atzeman dugun sentsazioa kontziente bihurtuz.

  • Dastamenaren nahasmendua. Dastamena erabat edo hein batean ez izatearen ondoriozko pertzepzio nahasiaren ezaugarri behinena da: mihian dagoen substantzia baten zaporea atzemateko ezintasun erabatekoa edo partziala, hots, zaporeetako bat edo batzuk bereizterik ez izatea. Gaitz hori behin-behinekoa edo betikoa izan daiteke, eta, maiz, usaimenaren nahasmenduekin loturik agertzen da. Dastamena galtzen da erabat (ageusia) edo, hein batez, (disgeusia) mingainean pairatutako gaitzen ondorioz, hala nola: mihiak nozituriko gaixotasuna, erredura, ebaki edo hozkadak, piercingak, botika-kontsumoa, tabakismoa, paralisi fazialak, nerbio sistemaren alterazioak, usaimena galtzea, etab. Adineko pertsonek hipogeusia agertzen dute, hots, oinarrizko gustuak bereizteko eta dastatzeko gaitasun urria; horiek diotenez, hautematen dituzten sentsazioak metalikoak dira, kirasdunak, edo inongo sentsaziorik ez. Gaitzaren zergatiak era askotakoak izan daitezke.
  • Aliestesia. Horrela esaten zaio, elikagai bat irenstean, sentsazio (gustu) atsegina sentitzetik kantitate jakin bat irentsitakoan sentsazio higuingarria nozitzera pasatzea den fenomenoari. Tartetxo bat behar izaten du fenomenoak garatzeko, jatuna irensten doan heinean eboluzionatzen baitu, urdaileko errezeptoreen asetasunarekin batera.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy