Donald McNicol Sutherland (Saint John, Brunswick Berria, Kanada, 1935eko uztailaren 17a – Miami, Florida, 2024ko ekainaren 20a) aktorea izan zen. Ospetsua da gerrako eta beldurrezko hainbat film famatutan parte hartu zuelako 1960ko hamarkadan eta 1970eko hamarkadan. Eskoziar jatorriko familia batean jaio zen. Haren semeetako bat Kiefer Sutherland aktore eta zuzendaria da.
Donald Sutherland New Brunswicken sortu zen, eta aktore izan baino lehen irrati bateko albistegietako esatari aritu zen. Ondoren, 1957an, Kanada utzi eta Londresera jo zuen, Musika eta Arte Dramatikoen akademian estudiatzearren. Horrek Erresuma Batuko telebista eta zinemako ateak zabaldu zizkion. Lan oparoa izan zuen, film sonatu askotan parte hartu baitzuen, besteak beste hauetan: The Dirty Dozen, Klute, Don't Look Now, Animal House, Invasion of the Body Snatchers, The Hunger Games eta M*A*S*H. Azken film horretan, hain zuzen, "Hawkeye" Pierce zirujauaren rola antzeztu zuen, eta haren interpretaziorik gogoratuenetako bat da. Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ohorezko Oscar saria eman zion 2017an, bere ibilbide oparoaren omenez. Gidoi lanetan eta antzerkigintzan ere aritu zen. 2019an Donostia saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian, eta, besteak beste, moldakorra izatea goraipatu zioten. «Milesker, Euskal Herria» ozen eta sendoak esanez eskertu zuen saria.[1]