Ebasketa

Paul-Charles Chocarne-Moreau, 1931

Ebasketa akzio delitu bat da, hau da, ekintza aktibo bat aurrera eramateagatik sortzen da eta ezin da ez-egite (omisio) jarrera batengatik sortu. Horrez gain, dolozko delitu bat da, hots, fede txarrez eta nahita egiten da, ezinezkoa baita zuhurtziagabekeriaz egitea.

Espainiako 1995eko Zigor Kodeko II. Liburuko XIII. Tituluan ondare eta ordena sozioekonomikoaren kontrako delituak arautzen dira. Ondare-delitu gehienak ezbidezko aberastearen ideian oinarritzen dira: subjektu aktibo batek (delitua burutzen duenak) irabaziak lortzen ditu subjektu pasibo baten kontura (kaltea jasotzen duena). Beraz, beti aurkituko dugun elementua irabazi asmoa izango da. Botere legegileak ondarearen kontrako delituak zigortzen ditu eta helburua ondasun eta eskubide sozioekonomikoak babestean datza.

Ildo beretik, ezbidezko aberaste hori sortzen duten ondare delituak bi multzotan sailkatzen dira: jabetze-delituak eta iruzur-delituak.

Jabetze-delituak, jabearen edo edukitzailearen borondatearen aurka burutzen dira, eta normalean ondarearen lekualdatze fisikoa gertatzen da. Iruzur-delituetan, aldiz, delitugileak biktimaren kooperazioa lortzeko subjektu pasiboaren borondatea manipulatzen du.

Lehenengo multzoan ebasketa eta lapurreta sartzen dira; eta bigarrenean, berriz, iruzurra, bidegabeko jabetzea, administrazio ezleiala eta ondasunen ezkutatzea.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy