Eddington-en esperimentua, Frank Watson Dyson eta Arthur Stanley Eddington astronomo britaniarrek 1919an egindako erlatibitate orokorraren inguruko behaketa izan zen. Behaketa 1919ko maiatzaren 29ko eguzki-eklipse osoaren ingurukoa izan zen. Bi toki desberdinetan burutu zen: bata, Mendebaldeko Afrikako Príncipe uharteetan eta bestea, Brasilgo Sobral herrian. Behaketa hauen helburua, Eguzkiaren ingurutik pasatzen den argiak jasandako desbideratze grabitazionala aztertzea eta egotekotan neurtzea zen[1]. Hiru emaitza posible espero ziren: bidearen desbideratzerik ez ematea, desbideratzea Newton-en fisikaren bidez azaldu ahal izatea edo desbideratzea erlatibitate orokorraren aurreikuspenarekin bat etortzea. Desbideratzearen balioa Albert Einstein-ek 1911n iragarritako izan zen, baina, ez zen egokia osotuta ez zegoen erlatibitate orokorraren teorian oinarrituta baitzegoen. 1915ean Einstein-ek bere teoria osotu ondoren bere emaitzak hobetu zituen. Aipatzekoa da, bere ekuazioen erantzunak Karl Schwarzschild-ek garatu zituela. Bidaiatik bueltatzean, Eddington-ek lortutako emaitzak Londreseko Royal Society-ra[2] eraman zituen. Hauen onarpenaren ondoren, erlatibitate orokorraren frogapenaren albistea mundu osoan hedatu zen Einstein eta bere teoria mundu osoan ezagunak bilakatuz.