Egiptoar arkitekturaAntzinako Egiptok eraikitako arkitektura da. Harriz egindako lehenengo arkitektura erraldoia da, K.a. III. milurtean garatutakoa.
Egiptoko zibilizazioa nekazal zibilizazioa da. Faraoi jainkotuarenpean errotutako zibilizazioa, erlijiotasun sendo batez antolatua. Hiru faktore nagusi baldintzatzen eta eragiten dute ekoiztuko zen artean:
Ingurune geografikoa: Nilo ibaiaren inguruan hazten da egiptoar zibilizazioa, basamortuaren erdian. Basamortuak urruneko inbasioak geldituko dituen hesia da; Nilo ibaia nekazaritza emankorrerako iturria da. Gainera, materialez aberatsa den kokagunea da (granitoa, kareharria, urrea, harri bitxiak e.a.).
Hilondoko bizitzan sinesmena: geroko bizitzan sinesten duen herria da, eta kontzeptu horrek sorkuntza artistiko handienak egitera eramaten du herria. Erlijioarekin batera garatzen da kontzeptuen idealizazioa eta abstrakzioa, beste mundu baten ideia. Beste munduak hartzen duen garrantziak darama, objektuak bere izaera naturalean imitatzetik aldenduz irudi ideal batez errepresentatzea.
Antolamendu politiko eta soziala: gizarte autokratikoa da, egitura zurrunekoa. Faraoia sistemaren buru da, erlijioa eta politika uztartzen dituen sisteman.