Egiptoko historia

Egiptoko historia munduko luze eta jarraituenetakoa da, estatu bateratu moduan. Nilo ibaiak batasun geografiko eta ekonomiko naturala osatzen du, ekialde-mendebaldean basamortuek mugatua, iparraldean Mediterraneo itsasoak eta hegoaldean Niloren ur-jauziek. Niloren urak kontrolatzeko buruzagi bakarra izateko beharrak munduko lehen estatu egitura sortu zuen, K.a. 3000 inguruan. Egiptoren geografia bereziak erasotzeko zaila den herrialde bihurtzen du, eta horregatik iraun zuten luzaroan burujabe eta eraginkor Faraoien erresumek. Nubiarrak eta hiksoarrak izan ziren lehenengo atzerriko agintariak, baina bertako egiptoarrek urte gutxira agintea berreskuratu zuten.

Hala ere, behin aginte eta kontrol guztia galdu ostean, 2.400 urtez ezin izan zuten bereganatu, Egipto atzerriko agintepean: pertsiarrak, mazedoniarrak, erromatarrak, bizantziarrak, omeiarrak, abasiak, otomandarrak, frantziarrak eta britainiarrak. Garai honetako denbora tarte batzuetan, agintari burujabe batzuk izan zituen Egiptok: ptolomeodarrak, ikhshidiak, fatimiak, ajubiak, mamelukoak eta Mohamed Ali. Hala ere, gobernu hauen sortzaile eta agintariak ez ziren Egipto bertakoak. Gamal Abdel Nasser presidenteak (1954–1970) esan zuenean bera zela Egipto bertako lehen agintaria Naktebo II.a faraoiaren garaitik, pertsiarrek K.a. 343an kargugabetu zutenean, pixka bat bakarik baino ez zuen egin gehiegikeriaz.

Egiptoko historia honako arotan banatu dezakegu:

  • Antzinako Aroa: K.a. 3100 - K.a. 525
  • Akemenestar Aroa: K.a. 525 - K.a. 332
  • Ptolomeotar Aroa: K.a. 332 - K.a. 30
  • Erromatar eta Bizantziar Aroa: K.a. 30 - K. o. 639
  • Arabiar Aroa: 639 - 1517
  • Otomandar Aroa: 1517 - 1805
  • Mohamed Ali Aroa: 1805 - 1882
  • Aro Modernoa: 1882 - gaur

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in