Eguberria

Artikulu hau abenduaren 25eko jaiari buruzkoa da; abendu eta urtarrileko jai-multzoa gaitzat duena Eguberriak izenburuko artikulua da. Neguko solstizioko mundu zabaleko jaiak gaitzat dituen artikulua hau da: Neguko solstizioko jaiak.


Eguberria, Eguberri eguna edo Natibitatea abenduaren 25ean kristau konfesio batzuetan, hala nola Erromatar Eliza Katolikoan, hainbat konfesio protestantetan eta eliza ortodoxo batzuetan, Jesukristoren jaiotza edo Natibitatea ospatzen den eguna da. Paganismoan ospatzen ziren neguko solstizioko jaietan du jatorri; hain zuzen, Eguberri egunaren inguruan hasten baitira egunak luzatzen, egun berriari hasiera emanez. Ohitura paganoen ezaugarri dira zuhaitzen gurtza (Eguberriko izeia) eta opariak dakartzan pertsonaia (Olentzero, Euskal Herrian; Tió de Nadal, Katalunian; Bizarzuri —Santa Claus eta Aita Noel izenez ere ezaguna—, beste hainbat tokitan). Gaur egungo kristauek jai nagusietakotzat daukate, Aste Santuarekin batera (horrek Jesukristo hiltzea gogoratzen du). Eguberri eguneko bezperan, abenduaren 24an, Gabon eguna ospatzen da. Eliza Ortodoxoak nagusigoa duen herrialde batzuetan, berriz, Natibitatea urtarrilaren 7an da.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy