Ekoeskualdea edo eskualde ekologikoa ekologiaren ikuspuntutik homogeneoa den eskualde bat da, bioeskualdea baino txikiagoa dena (azken hori ekozona bat baino txikiagoa da). Ekoeskualdeek lurrazaleko edo itsasoko azalera handiak hartzen dituzte, eta komunitate naturalen eta espezieen multzo berezituak dituzte. Ekoeskualde bakoitzak landaredi, fauna eta ekosistemen biodibertsitate berezia du, gainerako ekoeskualdeetatik bereizten dituena.
Ekoeskualdeen eta, oro har, kartografia biogeografikoaren izendapen gehienek hiru arazo nagusi dituzte. Hasteko, ez dago taxoi guztietarako egokia den marko biogeografikorik, eta horregatik, ekoeskualdeek ahalik eta taxoi gehienetarako hurbilketarik egokiena da. Bestalde, ekoeskualdeen mugek gutxitan dute ertz zorrotzik, gehienetan ekoeskualdeen arteko trantsizioa leuna baita. Azkenik, ekoeskualde askok hari lotutako biomari dagozkion habitatak ez direnak ere badituzte.
Hesi fisikoek, klimatikoek eta beste mota batzuetakoek eskualde biogeografikoak sortzen dituzte sarritan. Plaken tektonika, mendilerroak eta itsasoak, latitudea, urtaroak, gazitasuna eta oxigeno maila (itsasoetan) ekoeskualdeak garatzeko faktore izan daitezke.