Elektromote munduko lehen trolebusa izan zen. 1882ko apirilaren 29an aurkezten zuen Ernst Werner von Siemens asmatzaileak Halenseen, Berlingo auzo bat (Alemania)[1].
1847an, Siemensek bere anaia Wilhelmi esan zion denbora eta dirua izango balu, eta propultsio elektromagnetikoarekin kotxe bat eraiki nahi zuela. 1880ko hamarkadaren hasieran, ideia hori garatzea lortu zuen, lehenik eta behin 1881ean erabiltzeko mastak eta azpiegiturak eraikiz[2]. Halensee, oraindik independentea zena eta Berlinen parte ez zena, aukeratu zuen proiekturako, oraindik garatu gabeko eremua baitzen. Aukera zegoen bertara loturak eraikitzeko Berlin Ringbahn eta Halensee geltokia erabilita.
Elektromotea 1882 apirilaren 29an hasi zen martxan eta ekainaren 13ra arte probatu zuten, 540 metroko luzera zuen bide baten gainean, garaiko 5. eta 13. kaleetan (gaur egungo Joachim-Friedrich-Straße eta Johann-Georg-Straße), Kurfürstendammen goiko aldea gurutzatuz. Beste iturri batzuek diote Ku'damm kaletik bertatik pasatzen zirela trenbideak. Hala ere, bide hori ez zegoen ondo diseinatuta oraindik, gorabeheratsua zen eta, horregatik, ibilgailuak ez ziren ondo aritzen gainean; esperimentua behar baino motzagoa izan zen, beraz. Inongo momentuan ez zen erabili garraio pubiko gisa[3].
Siemens & Halske enpresak eraikitako Elektromotea bera lau gurpileko landau kotxe bat zen, 2,2 kWko bi motore elektrikorekin hornitua, horietako bakoitzak atzeko gurpil banari transmititzen zion mugimendua kate baten bidez. Garai horretan ez zen oraindik diferentzialik eskuragarri. Erabiltzen zuen tentsio-elektrikoa 550 Voltekoa zen, korronte jarraian. Elektrizitatea zuzenean ematen zen kable malgu baten bidez, zortzi gurpileko "kontaktu kotxe" baten bidez goiko kableetara konektatzen zena[4]. Asmakizun horri Kontaktwagen izena eman zioten, gaur egun trole gisa ezagutzen duguna trolebus batean. Garai hartan zegoen zaldi potentzia erabilita, 12 kilometro orduko abiadura lortu zuen. Elektrizitatea emateko, Carl Ludwig Frischen ingeniariak dinamo baten bidez elektrizitatea ematen duen lurrun-makina bat eraiki zuen gertuko etxola batean.
Esperimentuak gaur egungo trolebus baten irizpide teknikoak betetzen zituen. Demostrazioaren ondoren, 1882ko ekainaren 20an ibilbidea guztiz desmuntatu zen.