Endospora

Bacillus subtilis mikroskopioan ikusita; endosporak berde kolorez ikusten dira.

Endosporak hainbat bakteriok sortzen dituzten zelula bereziak dira, oso erresistenteak direnak ingurugiroko muturreko baldintzen aurrean (muturreko tenperaturak, ur eta elikagairik eza, erradiazioak...). Ingurugiroan biziaren aurkako baldintzak nagusitzen direnean, endosporak sortzeko gaitasuna duten bakterioek zelula berezi horiek sortzen dituzte, aurkako habitat horretan bizirik irauteko.

Endosporak latentzia-formak dira, jarduera metabolikoa ez dutenak. Informazio genetikoa eta erribosomak, aldiz, gordetzen dituzte.

Endosporak sortzen dituen bakterioak bi fase ditu bere bizi-zikloan:

  • zelula begetatiboa: ohiko jarduera metabolikoa duen bakterioarena
  • endospora: erresistentzia handiko zelula, gutxieneko jarduera metabolikoa duena

Endosporek berebiziko erresistentzia dute beroarekiko, erradiazioarekiko (ultramorea, X, eta gamma), lisozimarekiko, lehortzearekiko eta desinfektatzaile kimikoarekiko. Endosporen aurkikuntzak agerian utzi zuen esterilizazio-teknika zaharrek ez zutela balio bakterio guztiak akabatzeko, endosporak ez baitziren deusestatzen teknika horiekin. Gaur egun esterilizatzeko erabiltzen diren prozedurek, aldiz, endosporen suntsiketa ere bermatzen dute.

Zelula erresistente hauek lurzoruan egon ohi dira, eta bertan denbora luzean bizirauteko ahalmena dute. Sor egoeran urteak iraun dezakete, eta ingurugiroko baldintzak aldekoak direnean berriz suspertu (zelula begetatiboa bihurtu). Zientzialari batzuek 7.000 urte baino gehiago zituzten endosporak "berpiztu" zituztela aditzera eman zuten Minnesotan. [1]

Firmicutes taldeko bakterio gutxi batzuek besterik ez dute endosporak sortzeko ahalmena. Patogenoen artean soilik Bacillus eta Clostridium generoko bakterioek.

Endosporen kokapena bakterioan, azkenik, oso baliotsua da bakterioak identifikatzeko. Izan ere, espezie batzuetan bakterioaren erdialdean kokatzen dira, beste batzuetan mutur batean, etab. Halaber, mikroskopio optikoan endosporak egoki behatzeko tindaketa bereziak erabiltzen dira (malakita berdea ohiko koloratzailea izanik): Möller-en tindaketa eta Schaeffer-Fultonarena, besteak beste.

  1. Gest,H. eta J. Mandelstam : "Longevity of microorganisms in natural environments" Microbiol. Sci. 4 (1987) 69-71

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy